Luze edota labur

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Gereñu 2017ko api. 23a, 10:00

Tristetu egin ninduen Anduren erabakiak. Hura konprenitzera ausartzen ez bagara ere, errespetatzeko nahikoa zio eta meritu bada. Gristu egin ninduen Berria-n hamalau urteren ondoan eguneroko artikulua idazteari utziko ziola jakiteak. Eskertu eta gozatu bere Adiorik ez izenburuko azken esanak.

Haren hizkuntzaren maneiua eta aberastasuna, eleekin amaraunak, harilak eta sareak sortu eta desegiteko dotoretasuna, guretzat arrotz edota antzinako diren esamolde, esapide eta egituren irakatsia eta gaurkotasunera ekartzeko gaitasuna ikaragarriak baitira. Egia esan, egunkaria leitzeko astia izaten nuenetan, berea eta beste kideren batena irakurtzen nituen beti lehenengo. Jarraituko dut besteekin ikasten. Besteak dastatzen. Datozenak eta etorriko direnak. Xaloki. Euskararen aintziran.

Beste iritzi emaile edo txateatzaile batzuk esan bezala, bestalde, neuk ere itxarongo dut haren hurrengo eleberria. Andurena. Gustuz. Eskatuko diogu gehiago eta gehiago idatz dezan, barkatuko bagaitu lotsagabekerietan. Artikulu laburretatik haratago, oporretan eta denbora, gogoa eta burua lagun ditudala, hartuko dut bere beste libururik eskuartean. Eta, bi aste hauetan egin bezala, opor aldien gozagarri, jan-irentsi eta xurgatuko ditut liburuak. Eleberri, ipuin, artikulu zein poesia itxuratan. Liseriketarako tarte handirik gabe.

Jarraitu nahi baitut belusezko soinekoetatik eraldatzen diren ahots mingotsetan arakatzen. Ate atzeetako gorputzak, gorpuzkiak eta euren silueten usainak imajinatzen. Min, maitemin, misterio, nazka eta gogoak deszifratzen. Jarraitu nahi baitut orrialdez orrialde zein artikuluz artikulu, aldartearekin bat eginez, neure burua ezagutzen. Gure barneko bazter miresgarriak ikusten. Hark, idazleak, proposatutako egoeretan. Hark, Anduk zein aipatzera ez noan beste askok, hain ederki deskribatutako paisaia humanoetan.

Liburuaren eguna igandean ospatuko dugun honetan, besterik gabe, jarraitu egin nahi dut irakurtzen. Irakurzaletasunarekin, lagun zein ezagunei, eta noski, zuei, liburuak eta hizkiak oparitzen. Noiz edo noiz, luze zein labur, leitzeko astia hartuz ikasten eta dastatzen jarrai dezagun gure euskararen aintziran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!