Zer eskatua

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Gereñu 2017ko otsailaren 3a

Blas deuneko erroskillak probatuko ditugu gaurkoan, baina eztarriak ondo babestu beharrean izan gara azken hilabete honetan. Hotza, haize eta izotzetan, hezurretaraino sartzeko saiakeran ibili da. Elurrik ez behealdeetan, baina lurra eta kotxe sabaiak zuri ikusi ditugu.

Egunkariaren beste aldean, argi indarraren prezioaren gorakada lotsagabea irakurri dugu. Ondotik, gaiaren inguruko umore beltzeko aipamenak beste komunikabideetan. Kontua ez da brometakoa. Malkoak berak ere izozteko modukoa.

Eskerrak, giroa pixka bat berotzera, Tolosatik arropa bete trailer parea irten den gu baino okerrago dauden horiengana. Horrek sikiera piztu digu halako goxotasun bat denoi barruan. Herritarra, eskualdea eta lurraldea, goizean goiz jaikita auzolanean laguntzeko prest dagoela ikusi eta sentitzeak, zakukada ilusio sortu du. Ilusioa, Sahararen aldeko elikagai bilketan urtero jendeak erakusten duen borondateak. Ilusioa, beroaren kontinentean, Saharatik gertuko beste herrialde batean, Ganbian, danbor eta dantza artean, herriaren ahotsak diktadore ohia garaitu duela jakitean. Ilusiotan goxo, ilusiotan bero herria.

Badu jendarteak gizatasunetik zertxobait oraindaino. Eskerrak. Ikuspegi internazionala hankaz gora jarria baitzaigu azken aldi luze honetan. Maldan beherako abiaduran ari gara txiste txar txorakeriak ziruditenak lege paperetan sinatzen. Ahozgoran eta harrotuta kantatzen dituzte trobalariek, ahopeka esateak ere lotsatu beharko lituzketen horiek. Zurikerietan jolasean aritzeko duten erraztasunarekin, aurpegiak herritarroi zurbiltzen zaizkigu. Batzuei ez zaie lana behar bezala betetzearen nekeagatik ilea berehala urdinduko. Edo, bai. Hau ere gizatasuna bada. Ankerra, berekoia eta zinikoa.

Gizatasunak gizatasun, burura zera datorkit: Ilusiotan bero, baina, geu ere anker, berekoi eta zinikoak izango al ginateke berokidun siriarrekin, jakidun sahararrekin edota ganbiar dantzariekin, han urrun egon beharrean, geure herri, eskualde eta lurraldean bagenitu?

Gizalegeak berean dirau, ezker eskuin sokaren alde banatara. Guk aukera genezake zein aldetara tira egin eta gaur erroskillak jan eta eztarriak ondo zaintzea tokatzen zaigu. Bihar, ilusiotan goxo eta hotzetik babestuta, santa eskean, auzolanean, zer eskatua badugu eta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!