Txori sortu ninduenari

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Gereñu 2016ko urr. 2a, 09:56

Sekula ez dut jakin haurtzaroan gogoan jasotako nire lehen gomuta zein den. Oso umea nintzela, gerora hainbestetan entzundako …eta nik xoria nuen maite aitak ohe ertzetik nola kantatzen zidan ikusteko gai naiz oraindik, ordea. Eta hala sortu ninduen berak: hegazti eta hegaldun. Ttiki, libre eta aske. Txoriak maite baitzituen aitak.

Haien solas eta bihurrikeriak. Txorien kantuak. Txistu doinutan dantzatzen ziren txoriak. Hankak lurretik aldendu arren, beti habiara, etxera, bueltatzen ziren txoriak. Guztiak ezagutzen zituela esango nuke, hori posible bada. Hala uste genuen nik eta baita beste hainbat kalekumek. Segura aldean, sorterrian, bere aita Juan maisu izan baitzuen txori kontuetan. Hala sortua izan baitzen bera eta hala sortu baininduen neu ere. Aitaren txori. Hegodun eta ameslari.

Tradizio zalea zen aita. Maite zuen herria. Euskal Herriko bazter franko ezagutzen zuen hark. Txoko bakoitzean bertakoren bat ere bai beti, bisitan joan eta hitz aspertuan aritzeko. Han-hemengo istorioak eta pasadizoak kontatzeko gaitasun izugarria zuen. Kondaira antzinakoak, haurtzaroko bitxikeriak nola gaztaroko pasarte kokinak umorez janztekoa. Haurrak bibote zaharraz ikaratu ondoren, haiek magikoki erakartzekoa. Entzuleak liluratzekoa.

Minez malkotan diot, hilaren 7an galdu zituen moko hiztuna, begi bihurria, buztan zirikatzailea, buru argia eta baita bihotz kuttuna ere, aitak. Xoxuaren antzera utzi gaitu galeperrak. Eta, agidanez, negua bukatzean ez da berriz bere habiara itzuliko. Etxera. Oraindik sinistu eta onartu ezinik nabilen arren, aitak ez du berriz txistu doinurik jarriko igande eguerditan gurean. Ez du Asto Gaixua, Burgeteko Otela, Laiotz Zulotxikia edo Uzturre bezalako h-rik gabeko kantu-hitz gehiagorik sortuko. Ez ditu Segurako Alborada, Boga Boga edota zirika-bertsoak berriz kantatuko. Jaki ederrik prestatuko. Ez, ardoa eskuan, txisterik eta gertaera harrigarririk kontatuko. Aita ez da jauntxo handikien ustelkeriaz berriro marmarrean ariko eta, ez du, bere gorputz ttikian zuen jakinduria itzela gehiago transmitituko. Ez geure artean behintzat. Egun, bere ahotsa gauero entzuten badut ere. Azken arnasaldiek, begiradek eta haren usainak nirekin toki oro paseatzen badute ere.

Halere, egon ziur, nola kanta ta nola xirula asmatuko ditu hark dagoen tokian dagoela ere! Oilagor, txantxangorri eta arrano beltzen artean berriketan imajinatzen dut nik. Jostari eta irribarretsu. Guztien lagun. Eguzkirantz begira. Izarretarako bidean. Hegan. Ttiki, libre eta aske.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!