Pentsatzeko txokoa

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Gereñu 2016ko eka. 26a, 20:00

Ingeleseko andereñoari ez zaio pentsatzea gustatzen. Izatez, beretzako zigor bat da. (…) Hara bideratzen gaitu gaizki portatzen garenean. Pentsatzeko txokora. Niri, berriz, pentsatzea gustatu egiten zait».

Hala diote orain bi hilabete argitaratu duten Nerea Arrienen Pentsatzeko Txokoa gazte literaturako XXXIV. Lizardi Sariaren lehen hitzek. Nahikoak, liburuaren menean erotzeko, niri ere pentsatzea gustatu egiten baitzait. Istorioko pertsonaia nagusiaren antzera, zortzi urteko Debaren gisara, leihotik begira egotea maite baitut.

Pentsamendua landu eta garatzeak ezin du gaiztakeriak egitearen edota politikoki zuzenak ez diren ekintzetan jardutearen sari zitala izan. Gogoeta egitea ezin daiteke, gaueko ezinegonean, bezperan gehiegitxo janaren, kafe askotxo edanaren edota kontzientzia txar zein munstro zalantzatien gordeleku soil izan.

Alabaina, pentsatzea zigor modura ulertzearen metafora, filosofia eskoletatik ezabatu nahian dabiltzan garai hauen isla besterik ez da. Metafora eta metaegia. Hala saldu baitigute filosofia: roilo, txapa eta ulertezina den ikasgai bezala. Hala saldu baitigute pentsatzeko jarduna: nekeza eta aldrebesa lez. Pentsatzea, txarkeria bailitzan. Baina, aizu, norbanakoaren eta jendartearen zoriontasuna, denbora, hezkuntza, morala eta etika, politika… Gure ahotan irakiten dabiltzan gai eta kezka horien guztien oinarrian daude filosofia eta gogoeta! Eta guztioi, nola edo hala, gustatzen zaigu pentsatzea. Askatasunean, iritzi propio zein kritikoa garatzeko gaitasuna izatea. Baita hura errespetatzea ere.

Pentsatzearen ataza, liluratze, begiratze, hausnartze eta amestearekin batera, ongizatea, autonomia eta bizipoza erabakitzeko espazio bezala uler dezagun nahiko nuke nik. Zurekin. Maindire nahasietatik haratago, pentsamendu kontzienteak mihise zuriak margotuko dituzten norbanakoen artelan intimoak izan bitez gura nuke. Zurekin. Kolektiboan arte galeriak eraikitzeko gero.

Tarteak egokitzea zaila suertatzen da maiz. Pentsatzeko beta hartzea eta irudimenarekin jolasteko isilaldiak eta abaguneak topatzea kosta egiten zaigu. Oporren usainaren atarian, ordea, gaizki portatu gabe ere, zure pentsatzeko txoko kuttunean, leihotik edota unibertsoari begira, hausnartzera eta gozatzera gonbidatu nahi zaitut, ongizateaz artelana sortzera. Zuk ni ere egingo bainauzu. Kolektiboan. Gure arte galeria propioan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!