Ezpala Gaztetxea

Ibarrako Gazte Asanbladaren oharra Ezpala Gaztetxearen desalojoaren harira:

Erabiltzailearen aurpegia Ibarrako Gazte Asanblada 2016ko urtarrilaren 14a

Beste behin ere desalojatua izan da Gaztetxea bat. Beste behin erasotua gazteria.

Izan ere, beste behin, argi geratu da bat baino gehiagori ez diola batere graziarik egiten gazteria aktibo eta kontzientea antolatua ikustea gune propioak eraiki eta gauzatzen.

Lotsagarriak dira jarrerak eta salagarriak moduak. Beste behin, lege guztien gainetik desalojo agindurik ere erakutsi gabe hustu dute, eraikitzen hasia zen guztia deuseztatuz. Nahiago da, nonbait, usteltzen dagoen espazio hutsa kosta ala kosta bere horretan usteltzen uztea. Bai behintzat bertan gazteok gure gune autogestionatuak eraikitzea baino.

Baina desalojo guztiek duten negatibotasunean, gaur ez daukagu triste egoteko motiborik. Tolosako Gazte Asanbladak zutik eta indartsu dirau, lehen ere demostratu zuten etor litezkeen desalojoak ez direla ezeren bukaera. Ezpala ezer baino gehiago aurrera pausu bat izan baita, zatitu beharreko enbor gogorrean aizkorakada gogorrez airera doan ezpala.

Azkenik, esan, Ibarrako Gazte Asanbladak atxikimendu ematen diogula antolatu diren mobilizazioei eta bertan parte hartzeko deia luzatzen dugula.

Segi lanean, lortuko dugu! Herri bat, Gaztetxe bat!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!