Esan dituzten guztiak esan eta gero, alkateordea poltsa urdina soinean duela ikusi eta gero, birziklatzearen ardura inposizioa dela dioen piztia aske utzi eta gero, asko eta asko dira, egun gobernuan daudenek esan zituztenei jaramon eginez, herritar gisa ditugun gutxieneko ardurak ere betetzen ez dituztenak. Alde Zaharrean itzuli bat ematea besterik ez da egin behar, hainbat eta hainbat izkina zabor poltsaz beteta daudela ikusteko. Beti egon dira, baina ez orain bezainbeste.
Horregatik guztiagatik, argi dut politikan gauden guztiok gure hitzak neurtzeko erantzukizuna daukagula. Ondoren, beranduegi izango baita beti, hitz horiek eragindako ondorioak neurtzeko.
Hitzaren balioan sinesten dut. Politika egiterakoan eredu izan behar dugula deritzot, eta boterea lortzeko edozerk ez duela balio. Zentzu horretan, denak balio du horren ondorioak ikusten ari naiz orain. Kaleak gisa horretan ikusteak nahigabea sentiarazten dit, eta pena ematen dit, hondakinen gaia bere leitmotive egin duen gobernu talde baten utzikeriagatik, birziklatzearen alde denok egindako esfortzua ahultzen ari dela sumatzeak.
Semaforoa gorrian dago. Gelditu gaitezen. Ez gaitezen beranduegi damutu gurutzatu izanaren ondorioez.