Lasterkari zoroak

Erabiltzailearen aurpegia Iñigo Irurzun 2018ko ots. 25a, 20:49

Itxurakeria ranking-ak, Facebook bidezko matrikulazio lehiak, ezertarako balio ez duten errendimendu informeak… geroz eta gehiago dira jendarteari begira ahaleginak indartzen dituzten ikastetxeak, euren barne gatazkak bigarren plano batera uzten dituzten bitartean.

Egun, hezkuntza-sistemak osatu duen zentzurik gabeko norgehiagoka honetan badira atzean gelditzen ari diren ikasleak. Lasterkari zoro moduan, ikastetxeen erritmoa jarraitzeko aukera galdu eta bi aldiz pentsatu gabeko erabakiak hartzera behartuak izaten dira askotan.

Eskola porrotarena ez da gauza berria, denok ezagutu ditugu gelaz kanpo ordu gehiago pasatzen zituzten klase kideak. Ikasle hauek askotan entzun behar izaten dute ez dutela ezertarako balio, porrota euren errua dela, alferkerian adituak direla... Egiten zaien etiketatze hori erabat pozoitsua da, euren gaztaroaren norabidean iparra galduz. Eta argi izan behar dugu eskola porrota, porrota soziala ere badela.

Bizi garen inolako zentzurik gabeko hezkuntza-politika eredu honetan, ikastetxe eta irakasleek aintzat hartu behar dute, ulertua izan baino lehen entzutea beharrezkoa dela. Atzean gelditzen ari den ikasle hori laguntza eske ari da etengabe. Ikastetxeek beraz bideratze lanak egin behar dituzte, kontuan izanda ez daudela bakarrik; porrotaren lekuko izaten ari diren ikasle eta familiak babesteko ehundaka profesional aurki ditzakegu. Kezkagarria da ikastetxe eta gainontzeko profesionalen arteko harreman sare hauek oraindik josi gabe daudela, laguntza eskatzeak ikaragarri beldurtzen baikaitu.

Ikastetxeetan lekurik topatu ez duten horiek behin eta berriz errepikatzen dute baztertu dituzten lehenak euren ikaskideak izan direla. Ikasgeletan laguntzarik ez izateak arriskuan jartzen du ikaslea. Esperientzia hauei ahotsa jartzeak egoera leuntzea ekarri dezake, ikastetxeek euren ahaleginen fokua non jarri erabaki behar dutelarik: ikastetxe ranking-etako goi postuetan edo euren ikasleen ibilbidea bideratzean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!