EHU, Basque Yourself

Erabiltzailearen aurpegia

Graduondoak dakarren abenturara iritsi berri naiz beste behin Euskal Herriko Unibertsitatera, motxila ikasteko gogoz beteta. Lehenengo eguna nahikoa izan da kopetakoa jasotzeko; txikia sentitu naiz euskaraz. Klase guztiak gaztelaniaz jasoko ditugu nahiz eta gehienetan euskaraz matrikulatu. 

Badira nire gelan Euskal Herri kanpotik etorri diren klase kideak, uste bezala, euskara ezagutzen ez dutenak; aurrez gradua gaztelaniaz ikasi dutenak ere badira. Azken horiek ikasgaietan euskaraz ofizialki matrikulatuta ere, badakite gaztelaniaz ikasteko aukera izango dutela. Guk aldiz gurean jarduteko aukerarik ez. Berriro ere, gu, euskara, jokoz kanpo. 

Tontakeria bat dirudi, baina klaseetako erritmoa jarraitzea oztopoz betetako lana izaten ari da. Orain artean izan ditugun komunikazio ohiturak euskaraz izan dira, bai eta hezkuntzari buruz ikasi eta erabili dugun hiztegi guztia, salbuespenak salbuespen, noski. Irakasle askok gainera ez dakite euskaraz. Baten batek lanak nahi dugun hizkuntzan aurkezten uzten digu; itzulpenak egiten ibili behar dugu etengabe, apunte guztiak erdaraz jaso eta euskaratuz.

EHU hala ere ez dago «geldi», lanean ari da euskararen ezagutza bultzatu nahian. Horren erakusle da udaran eskaini duen Basque Yourself ikastaroa. EHUko mugarri akademikoak ikusarazi eta euskal kulturarako murgilketa zituen helburu. Hitz politak etxetik kanpora, etxe bertako egoera eraldatu gabe. Ildo beretik, neguko ikastaro berria proposatzen dugu guk: «EHU, Basque yourself».

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!