Kale Kantoitik

Zestoako loroa

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko aza. 12a, 12:03

Gaur ez noa hauteskundeez hitz egitera. Gai alaiago bat aukeratu dut saio honetarako. Gugandik nahiko gertu bizi izan zen animalia zoragarri bat.

Zestoan bazen loro bat, loroa ez zena, yakoa baizik. Baina jendeak loroa deitzen zion. Yako izeneko hegaztia loroen familiakoa da eta Afrika erdi aldean bizi da. Kolore grisaxka du gorputz osoan eta buztana gorri-gorria. Loroek bezalaxe hitz egiten eta pertsonen hotsak imitatzen ditu.

Zestoako Geltoki hotelean bizi zen, gaur egun zaharretxea dagoen eraikinean eta tren-geltokira jaisten zen, Joanito buru egiten zuenarengana. Pepe edo Pepito deitzen zioten eta bihurrikeria galantak egiten ikasi zuen.

Goizetan, Juanitok ardo-zopak ematen zizkion gosaltzeko; gazteek ulertzeko, ardo-zopak ogi-xerrak ziren, ardotan ongi beratuta eta azukre pixka batekin. Jateko oso goxoak, baina burua txorabiatzeko ere aproposak. Loroa tenplean jartzen zuen gosari indartsu hark eta goiza alai-alai pasatzen zuen geltoki inguruetan. Baina batzuetan gizonari ahaztu egiten zitzaion gosaria ematea. Eta Pepek gogorarazi egin behar izaten zion horrelakoetan:

—Joanito, Joanito! Sopitas con vino, sopitas con vino...!

Eta gizonak bere karburantea emandakoan lasaitzen zen loro gajoa.

Batzuetan, hotel azpian zegoen tabernara itzultzen zen, eta badakizue zeinen arriskutsua den loro bat tabernan. Jendeak hitz itsusiak, ziria sartzeko edo adarra jotzeko esaldiak erakusten zizkion. Gauza politak, euskal kantak, bertsoak ere erakusten zizkion eta loroak denetik ikasten zuen.

Eta laster hasi ziren loroaren bihurrikeriak. Geltoki ingurutik neska gazteak pasatzen ari zirela, igeltseroei ikasita, neskei txistu jo zien: “Fuiii, fuiii, fuiiuuuuu...”

Neskak lotsatuta eta masailak gorrituta, ez zekiten non gorde eta batek esan zion:

—Pepe boboa, itzi ezak mokoa!

—Mokoa, mokoa, jantzan nahi badun kokoa! —erantzun zion loroak.

Beste batean, goardia zibilei, geltoki inguruko zuhaitz handian gordeta, “Gora Euskadi, gora Euskadi” eta txistuka hasi zitzaien. Haiek ezin zuten asmatu oihuak nondik zetozen.

Baina kuriosoena zera da: trenak martxan jartzeko Joanitok bezala txistua jotzen ikasi zuela: “piiirrrriiiitt!”. Askotan jotzen zuen Joanitorekin batera. Baina egun batean, trena geldi zegoen, Azpeititik zetorrena iritsi eta Zumaia aldera gurutzatu bitarte. Baina, loroa aspertu egin zen zain egoten eta “pirrriiitt” jo zuen. Tren gidariak “piiit” jo zuen erantzuna, abiatzeko agindua entzun zuela adieraziz eta trena martxan jarri zuen. Bide bakarra da estaziotik kanpo eta han zetorren Azpeititik beste trena. Biek egundoko galga eta burdin-hotsa atera zuten eta metro batera lortu zuten bi trenen muturrak gelditzea. Bi makinistak haserre atera ziren, batez ere Azpeititik zetorrena, besteari erotuta al zegoen galdetuz, mehatxuak eginez, epaitegian elkar ikusiko zutela eta hura ez zela horrela geldituko...

Eta epaitegietara eraman zituzten Joanito estazio-burua, trena martxan jarri zuen makinista eta loroa, txilibitua jo zuena. Baina, errugabe atera ziren epaitegitik, izan ere, txistu hotsak alarma edo “adi” bakarrik esan nahi baitu eta makila batean bildutako bandera gorria jasotzeak adierazten du trena abian jartzeko agindua. Eta loroak ez zuen banderatxorik jaso.

Espainiako egunkari ospetsuenetan argitaratu zen epaiketa harrigarri hura eta Parisko abeslari batek bolero bat abesten zuen Zestoako loroaren omenez: Le train et le perroquet (trena eta loroa).

Honetaz gehiago jakin nahi baduzue, bilatu Googlen “Pepe el loro de Cestona”. Gauza harrigarriak aurkituko dituzue eta Pepe loroaren argazkia ere ikusiko duzue. Inoiz Azpeitiko Ferrocarrilaren Museoa bisitatzera joaten bazerete, eskatu loroa erakusteko, han dago-eta disekatuta Pepe loro edo yako sinpatikoa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!