Kale Kantoitik

Amorrua

Erabiltzailearen aurpegia

Amorrua, nazka, haserrea sentitzen dugu denok Hispanistango injustizia, ustelkeria, nepotismo eta jokaera mafiosoen aurrean.

Nori ez zaio jarri odola irakiten Altsasuko gazteekin egin duten injustiziarekin. Eta Kataluniako preso politikoei ezarri zaien kondenarekin? Hemen ez da legearekin epaitzen, legearen aurretik dago “gutarra” edo etsaia izatearen balorazioa. Horren arabera epaitzen dira pertsonak eta taldeak. Altsasuko gazteak ezin ziren Audientzia Nazionalera eraman, Nafarroan epaitu behar ziren, baina Lamela emakume epaileak “terrorismoa” egotzi zien, Francoren Tribunal de Orden Publikora (gaurko Audiencia Nazionalera) eramateko eta han kondenatzeko. Bazekien ez zegoela terrorismorik, baina eskarmentu bat eman behar zitzaien euskal gazteei eta beldurra sartu, eta ustezko emakume epaile prebarikatzaile honek gazteak kartzelara sartu zituen eta epaiketa prozesua Audientzia Nazionalera bideratu. Lan zikina eginda utzi zuen eta gero epaiketarako nor izendatuko epaile..., eta emakume trikorniodun bat, guardia zibiletako teniente koronel baten emaztea, Concepción Espejel, Gurtelen rekusatua izan zena PPkoen adiskide kuttuna izateagatik, Cospedalentzat "querida Concha”, Billy el Niñoren babeslea. Horrela, dena hobeto ulertzen da. Eta biek beren saria izan dute: Lamela Epaitegi Goreneko partaide egin dute eta Concepción Espejeli honako titulu ponposo hau eman diote: Presidenta de la Sala de lo Penal de la Audiencia Nacional. Izenak bai handiak, baina izanak ustelak, kiratsa botatzen dutenak, besteen sufrimenduarekin, ustelkeriarekin eta nepotismo jarrerekin lortuak izan baitira.

Eta aurreko horren guztiaren aurrean eta kontraste eginez dauzkagu kasu nazkagarri hauek: Zamora aldean, taberna batean guardia zibilek jendea iraindu, balak ahoan sarrarazi eta gero “Cara al Sol” abestarazi zieten bezeroei. Bada, epaileak ez du deliturik aurkitu horien jarreran eta errugabe utzi ditu. Valentzian eskuin muturreko talde armatu bati arma luzeak eta laburrak, granada-jaurtitzaileak aurkitu zizkieten, eta ekintza bortitzak zibilen kontra eta beste hainbat delitu larri egotzi zitzaizkien, baina epaileak ez du horiek zigortzeko motiborik aurkitu, eta errugabe atera dira. Beste epaile batek esan du Bartzelonako atentatuak prestatzen ari zirela Alcanar-en, imana eta yihadista batzuk hil zirenean, butano bonbona piloa eta beste hainbat lehergai lehertuta, ekintza hori ez omen zen ekintza terrorista izan. Izan ere CNI edo Espainiako zerbitzu sekretuentzat ari ziren lanean eta ezin ba errudun edo terrorista izendatu gaizkile eta hiltzaile malapartatu horiek. Francoren biloba ere, Francis Franco, gauez argirik gabe eta kontrako norabidean harrapatu zuten autoa gidatzen. Guardia zibilek gerarazi zuten, baina barrutik beste batek eskopetarekin apuntatu zituen guardia zibilak eta general kriminalaren bilobak autoarekin harrapatu, haiek zaurituz; baina epaiketa egin eta errugabe atera da Francoren biloba. Aldera ezazue kasu hau Altsasukoarekin... eta esaidazue ez al zaizuen odola irakiten jartzen.

Ustelkeria kasuak ere hor jarraitzen dute. Andaluziako EREen auzian epailea aldatu zuten, Aldaya anderea, egon zitezkeen delituak ikertzen eta argitara ateratzen ari zelako. Beste epaile bat jarri zuten eta honek gerarazi egin zuen ikerketa guztia eta hainbat akusatu delitua preskribatuta ateratzen ari dira eta beste asko ere hala gerta daitezke, denbora nahita pasatzen utzi delako, delitua preskribatuta gera dadin. Hori bera gertatzen ari da PPko ustelkerien kasu guztiekin, ikerketak atzeratzen ari dira eta frogak desagerrarazteko mila eta bat aukera eman zaie gaizkile lapur ustelei, aztarnarik gera ez dadin, gero delitua frogatzea ezinezko bihurtuz. Gogoratu Barcenasen ordenagailua hogeita hamar aldiz birformateatu ondoren, mailukadaka puskatu zutela, inolako arrastorik gera ez zedin. Eta Pujolen kasua, Urdangarin, Rato, eta beste hainbat eta hainbat...

Jainkoak salba dezala herria eta jende xume zentzuduna, oraindik zentzurik gabeko artaburu asko baitaukagu suelto ustel horiei denei botoa eta arrazoia ematen.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!