Kale Kantoitik

Ikasturtea amaitu da

Erabiltzailearen aurpegia

Ikasturtea amaitu da ikasleentzat, eta gurasoentzat ere bai. Eta orain datoz arazoak. Ikasle horiekin zer egin uda osoan? Batzuk udalekuetara joango dira edo aisialdiko ekitaldietara. Asko eta asko bero handi hauekin piszinara joango dira uretan freskatzera eta itzalean lagunekin jolas egitera.

Beste askok kirola praktikatuko dute: txirrindua, futbola, pilota, igeriketa, saskibaloia... Eta zenbat izango dira burua aktibo mantenduko dutenak? Eguneko ordu batzuetan bederen... Historia edo zientziako liburu aberats bat irakurri, eduki interesgarriz beteta dagoena. Edota gai filosofiko eta psikologiko erakargarri eta pentsarazleak... Edota mota guztietako literatura, barrenak astintzen dizkizuna. Osasunaz, astronomiaz, ekologiaz, giza inmigrazioaren uholdeez... diharduten artikulu edo testu sakonak eta egia biribilez beteak. Buruak ere bere kirola behar du, aktibo egon behar du, moteltzea, tontotzea eta herdoiltzea nahi ez badugu.
Gizarte hau eta pertsonak txotxongiloak bezala maneiatzen dituztenek arinkeria, zaborra eta txepelkeriak eskainiko dizkigute telebistako kateetan eta tabletetako programa alienatzaile horietan. Zenbat eta arinagoa programazioa, orduan eta hobeto goitik hariak mugitzen dituztenentzat. Kontua da jende xeheak, herriak, langileak... ezertxo ere ez pentsatzea, ez pentsioei buruz, ez dauzkagun soldata kaskarrei buruz, ez lan-baldintza duinei buruz, ez politikoek kobratzen dituzten eskandaluzko soldatei buruz, ez horiek dituzten pribilegio lotsagarriei buruz, ez praktikatzen dituzten ustelkeria guztiei buruz... Jendeak ez badu pentsatzen, ez badu gauza garrantzitsuei buruz hitz egiten, ez badauka ohiturarik gauza sakonak irakurtzeko, elkarrekin komentatzeko, horietaz hausnartzeko... gero ematen zaion edozein informazio irentsiko du, ez baitauka iritzi kritiko propiorik. Eta gu egunero Pantoja, Belen Esteban, Paquirrin, Cristiano Ronaldo, Bertin Osborne eta antzeko txilibituen arinkeriak eta sinplekeriak jaten ari garen bitartean eta horien zaborrarekin geure burua betetzen dugun bitartean, Inda, Marhuenda, Ferreras, Rivera, Pedro Sanchez, Casado, Arrimadas eta establishmanaren beste monigote askoren gezurrak eta haien mezu interesatuak barneratzen ari gara konturatu gabe. Horiek boterearen bozemaile ofizialak direla eta haien interesak defendatzen ari direla ongi kobratutako soldatekin? Gu ez gara enteratu ere egiten, ez baikaude pentsatzen eta iritziak kontrastatzen ohituta.
Horregatik da beharrezkoa iritzi kritikoa lantzea, bai liburu eta artikulu sakonak irakurriz noizean behin, bai horiek lagunekin edo konfiantzazko jendeekin kontrastatuz eta eztabaidatuz, bai programa egokiak ikusiz, edota zuek jakingo duzuen beste hainbat bitarteko erabiliz.
Eta gaur egun gure gaztetxo eta nerabeen artean irakurtzeko ohitura galtzen ari da modu nabarmenean. Irakurtzeak ahalegina suposatzen du, testu bat irakurri, interpretatu, ulertu egin behar duzu... eta ohitura galduta baldin bazaude kosta egiten da, baina hori da modu bakarra gure burua aktibo edukitzeko, kanpoko estimulu bisualen eta emotiboen mende bakarrik ez egoteko. Eta egia hau eskoletan ere nabaritzen da eta liburuen salmentan. Eskoletatik bibliotekariak kentzen ari dira, lehendik daudenak jubilatzen direnean, ez da berririk jartzen haren lekuan, eta eskolako irakurketa sistema gainbehera doa errukirik gabe.
Baina denak ez dira berri txarrak. Agian, Txinan irakurriko dituzte hemen irakurtzen ez ditugunak. Toti Martinez de Lezearen NUR bilduma (13 bat liburu) txineraz argitaratu zen (txino mandarin hizkuntzan), eta horietako liburu bat urteko hamar liburu onenen artean sartu dute. Hemengo umeek ere maite dute NUR neskatila eta haren abenturak, baina hemengo kritikak ez dio aipamen handirik egin, eta beste behin ere kanpoan aitortu behar izan diote hemen aitortu ez dioten balioa. Bejondeiola Totiri! Eta zuek irakur ezazue udan, burua motelduta eta mitxelinez beteta gera ez dakizuen.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!