Kale Kantoitik

Herri zaharra da Europa

Erabiltzailearen aurpegia

Herri zaharra da Europa. Euskal Herria ere bai. Baina, Iran, garai bateko Persia ere oso zaharra da, eta Txina ere bai. Eta aipatutako hauek denak krisian daude, arrazoi desberdinengatik.

Nire jardun txiki hau entzuten ari zaretenok gaur hauteskundeetako emaitzei begira egongo zarete. Baina mundu honen hariak mugitzen dituztenei ez dakit zenbat inporta zaizkien hauteskunde hauek. Agian bai. Baina susmoa dut horiek betiko estrategia zikinekin jarraituko dutela.
Trumpek bere jokabide maltzurrekin jarraituko du, Iran ingurura gerra hegazkinak eta itsasontziak eramanez, eta badirudi bere tropa ere handituko duela han, 5.000 gizoneko gudarostea eramanez. Txinarekin beste gerra mota bat hasi du, ekonomikoa, hura ere erraz menderatuko duelakoan. Baina hura herri zaharra da, aspaldikoa, jendetsua eta indartsua. Atzera egin behar izan du ezarri nahi izan dion zigor ekonomiko-komertzialean. Eta ikusiko dugu luzera begira zertan geratzen den agintari handiustekoaren ordago harroputza.
Venezuelan aspaldi dauzka atzaparrak sartuta, hango jendea ez baino hango petrolioa interesatzen baitzaio. Baina gauzak zaildu egin zaizkio, Guaido eta Leopoldo Lopez bezalako morroiak motzak eta tonto samarrak atera zaizkiolako eta Errusia eta Txina ere alerta egoeran daudelako. Eta kuriosoa hemen ere Iranen bezala, eta Iraken eta Libian eta Sirian bezala, petrolioa izatea ezkutuko arrazoia. Gero, beste arrazoi batzuk aterako dituzte, baina ezkutuko arrazoia petrolioa da, eta Arabia Saudiri babesa eskaintzea, bere monarkia absolutua, diktadura ankerra eta giza-eskubideen zapalketa manten dezan, Erdi Aroko Erresuma kriminal hau amerikarren morroi leiala baita.
Europan hauteskundeak izan dira, baina ezpata batek bortizki zaurituta dauka Europa zaharra. Brexit-aren arazoa konpondu gabe dago. Theresa May-k dimisioa eman du, Brexit-aren auzi destartalatua modu egokian kudeatzeko gai izan ez delako. Hemen ere Trump-ek aspaldi sartu zituen bere atzaparrak, Europa zaharra ahultzearren. Erresuma Batua beti izan da amerikarren aliatu itsua eta sutsua. Eta Trumpek laguntza eskaini zion Erresuma Batuari, Europak indarrik har ez dezan eta EEBBei itzalik egin ez diezaien. Horrela kolpe batekin bi helburu lortzen ditu: batetik Erresuma Batua, beti bezala bere morroi, zerbitzari eta aliatu gisa mantentzea, eta bestetik, indartsu bihurtzen ari zen Europa ahultzea, zatitzea eta mendean edukitzea.
Eta Europa zaharra noraezean dabil: batetik Brexit-a nola bukatuko den eta horrek zer ondorio ekarriko dizkion ez dakielako; eta bestetik, eskuin muturra indarra hartzen ari delako Europako hainbat naziotan, EEBBek Libian, Sirian, Iraken, eta beste hainbat herrialdetan sortu dituen iskanbilak direla eta, migrazio ikaragarriak eragin dituelako Europa aldera, eskuin muturraren aldeko jarrerak hauspotuz eta indartuz. Bestalde Europa Batua, herrien eta jende xehearen Europa izan behar zuena, eta europar guztien interesak babestu behar zituena, nazio ahaltsuen eta kapital handiak maneiatzen dituztenen Europa bihurtu dute, Bruselasen biltzen diren parlamentari gehienak kapital, merkatari eta finantziero handien ongi ordaindutako morroi hutsak direlarik. Ustelkeriak bazter guztiak kutsatu ditu, eta gaur egun oso zaila da politikariak, parlamentuak, botere judiziala, polizia eta erakunde publikoak ongi antolatutako mafien eskuetatik libre jokatzen ikustea.
Herri zaharretara odol berria ekarri beharko da eta ideia berriak. Lehengoak zaharkituak eta ustelduak baitaude eta mundu hau hondamendira daramate. Baina batez ere hari ezkutuak manejatzen dituztenen eskuetatik askatu beharko dugu, armiarma sare itogarri eta hilgarri batean harrapatuta ez badugu geratu nahi.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!