Kale Kantoitik

Zer gertatzen da Venezuelarekin?

Erabiltzailearen aurpegia

Oso erraza da ulertzen munduaren historia hurbilari begiratzen bazaio.

Kalkulatzen da munduan bilioi bat seiehun eta berrogeita hamar mila milioi (1.650.000.000.000) petrolio kupel gelditzen direla. Horiek dira OPEP izeneko Petrolio Ekoizleen Lurraldeen Erakundeak egin dituen estimazioak. Eta horietatik hirurehun eta hirurogei mila milioi (360.000.000.000) kupel, hau da, gelditzen den petrolio guztiaren % 20a Venezuelak dauka. Horiek dira munduko erakundeek frogatu dituzten datuak. Beraz, munduko petrolio erreserba gehien daukan nazioa Venezuela da eta bigarren, Saudi Arabia. Eta aurreneko hamar nazio petrolio ekoizleen artean ikusiko dugu gauza kurioso bat: horietako batzuk Ameriketako AEBen aliatuak edo lagunak dira eta beste batzuk etsaiak: AEBen aliatu edo lagunen artean aurkitzen dira Saudi Arabia, Emirerri Arabe Elkartuak eta Kanada, besteak beste. Eta etsaien artean aurkitzen dira: Iran, Irak, Libia, Siria, Venezuela eta Errusia. Errusia kentzen badugu zerrenda honetatik, gaur-gaurkoz mendera-ezina eta inbadi-ezina delako, ikusiko dugu beste guztiek AEBen erasoak, blokeoak, bonbardaketak eta txikizioak jasan dituztela, kasu batzuetan ia-ia suntsitzeraino. Zein falta da horietatik? Venezuela! Eta honek ere blokeo latzak, zigorrak, mehatxuak, sabotaiak, CIAk entrenatutako Guaido eta Leopoldo Lopez bezalako txorimalo batzuen altxamenduak eta kolpe militar ahaleginak jasan ditu.


Eta zer gertatzen da AEBen aliatu edo lagun diren nazioekin? Hor dauzkagu Saudi Arabia eta Emirerri Arabiarrak, demokraziaren arrastorik ez duten lurraldeak, monarkia absolutuekin, satrapa eta psikopata batzuen eskuetan, lege islamikoa aplikatuz zuzenbide unibertsala aplikatu ordez, emakumeak harrika hilez, disidenteei eta etsai politikoei lepoa moztuz enparantza publikoan, edota kanpoko nazio bateko enbaxadan periodista bat harrapatu eta bertan haren gorputza txikituz eta ezkutatuz; etsai horietakoren bat gurutzean hiltzeraino ere iritsi dira, kristauei mezu subliminalen bat iradoki nahiz-edo... Baina hauen jokabidea ez da zalantzan jartzen. Ezta Yemen-en egundoko triskantzak, txikizioak eta sarraskiak egiten ari direnean ere, hiriak suntsituz, gosea, miseria gorria eta heriotza bazter guztietan barreiatuz. Hori dena onartzen zaie, ez dakigu zein demokrazia eta zein giza-legeren izenean. Baina, ai, Venezuela! Venezuelari dena zalantzan jartzen zaio, bere demokrazia edo demokrazia-eza, bere instituzioak ez omen dira demokratikoak, bere egoera humanitarioa ez omen da jasangarria... Sasikume handia izan behar da zuk blokeoa eragin, janaria, sendagaiak, lehentasunezko produktuak nazio horretan sartzea galarazi, mugak itxi, zigorrak ezarri, lagundu nahi dieten nazio eta enpresei izugarrizko mehatxuak eta presioa egin laguntzarik irits ez dadin Venezuelara eta gero atzetik etorri esanez Venezuelako jendea oso baldintza txarretan bizi dela... Ez gaitezen txoropitoak edo inuzenteak izan: hemen dagoen gerra petrolioagatik da. Venezuelak petrolioaren munduko erreserben % 20a dauka eta hori da AEBek lapurtu nahi dutena, Guaido edo Leopoldo Lopez bezalako txorimalo bat han agintari jarrita. Eta geroztik jakin da urrearen erreserba izugarriak eta koltan-a ere badaukala Venezuelak. Orduan zer nadi dute AEBek? Mundu honetako kantzer edo minbizi handiena den nazio ustel horrek nahi duena Iranen, Iraken, Libian edo Sirian nahi zuen gauza bera nahi du, ez nazio horien ongizatea, ez horko jendearentzako demokrazia, ez gizalegea..., arpilaketa, sakeoa, lapurreta baizik, nazio horiek gero guztiz hondatuta, suntsituta eta kaos izugarri batean utziz.


EEBBek beren ekonomia kapitalista, inbaditzailea, lapurra mantendu nahi dute, nazio guztien gainetik egoteko eta horixe da Venezuelan hainbeste arrabots ateratzearen arrazoia. Kaosa sortu, ezinegona sortu, gero beraiek Venezuelako errekurtsoen jabe egiteko. Ez gaitezen inozoak eta inuzenteak izan.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

BATAK BESTEA DAKAR


EGIN ATARIKIDE!