Kale Kantoitik

Frankista hauekin ez dago justiziarik

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko mar. 11a, 12:41

Frankismoak dirauen bitartean ez dago justiziarik eta gaur egun PP, Vox, Ciudadanos, UPN, Aznar, Erregea, errege-etxea eta Madrilgo ia prentsa guztia frankismoan ainguratuta daude.

Eta beldurra ematen du Paleolitoko Hispanistan ustel honek, beren balore bakarrak hauetxek baitira: Estatuaren batasuna, lapurren inpunitatea, inozoen itsumena eta español sentitzen ez direnen aurkako gorrotoa eta mendekua. Eta nago, oraintxe bertan, posible balitz, estatu ustel eta mendeku-zale honetatik ihes egitea litzatekeela irtenbide onena eta osasungarriena. Ez da erraza, baina konstelazioen konjuntzio bat emango balitz hori ahalbidetuko lukeena, nik behintzat ez nuke dudarik egingo: INDEPENDENTZIA litzateke biderik onena, erresuma ustel batek dena kutsatzen baitu, eta gainera mendeku-zalea baldin bada, inoiz ez zaude libre haren mendeku egarritik.
Ikusi besterik ez daukagu justizia frankistaren jokabidea hainbat kasutan: Altsasuko gazteekin, euskal preso politikoekin eta Katalunyako agintari izan diren preso politikoekin, jokabide gaizto, mendeku-zale, errukirik gabea... PPko eta PSOEko ustelkeriarekin, Manadako erasotzaileekin, estatuko terrorista eta torturatzaileekin... esku zabala, zabarkeria izugarria epaitzerako orduan eta inoiz, kondenatuak izaten badira, indulto nazkagarri, lotsagabeak...
Eta epaileen eta agintarien artean ere izen lotsagarriak badaude: Garzón, Lamela, Llarena, Marchena, Del Olmo, Velasco... eta beste hainbat eta hainbat; eta agintarien artean Jorge Fernandez Diaz opusianoa eta Zoido, barne ministroak, Rajoy, Soraya Saenz de Santamaria, Cospedal, Esperanza Agirre... eta PPko hainbat eta hainbat, gobernu ustel eta mafioso bateko partaide izan direnak.
Eta demokrazia bi kolpe latz sufritzen ari da azken egun hauetan epaileen aldetik: Altsasuko gazteen kondena berrestea eta lehen bezalaxe uztea Audientzia Nazionalean, Manadakoak eta Andaluzian kasu berdinetan parte hartutako guardia zibilen erasotzaileak libre dauden bitartean, alde batetik; eta bestetik, Katalunyako agintarien eta indepen-dentisten aurkako epaiketa esperpentikoa, Martxena epaile buru dutela, baina buru gutxirekin eta demokrazia zantzurik gabe, esanez: “Etzazu eten nire jarduna, baina nik zurea eten dezaket nahi dudanean...” “Hori ez daukazu galdetzerik” “Bideo horiek ez dute ezer berririk ekartzen orain”... Eta horrela, modu lotsagabean eta justiziaren gainean bere tirrin edo diarrea mentala isuriz eta nork agintzen duen garbi utziz: frankistek eta PPek Epaitegi Gorenean jarritako epaile ultra-eskuindarrek. Begirale internazionalak ere aztoratuta daude epaile honen jokabidearekin, “froga” izan litezkeenak baztertu egiten baititu epaile honek eta hainbat galdera eta bideo, defentsarako beharrezkoak izan litezkeenak, arbuiatu, Tribunalaren aurrean azaltzea eta aztertzea galaraziz eta ukatuz.
Epaiketa honek ere Europako Tribunaletan amaituko du azkenean, baina bitartean, denbora pilo bat edukiko dituzte espetxean, zigor beldurgarriak ezarriko dizkiete eta horren errudunek ez dute erantzukizunik hartuko beregain eta inork ez die eskatuko konturik egin duten injustizia anker eta bidegabeagatik. Eta seguru asko gora igoko dituzte, Perez de los Cobos generala bezala, Piolinen kasuko burua, Katalunyako egur emate guztien arduradun nagusia. Hau ere golpista izan zen Tejerorekin batera, gero kondenatua izan zen 12 urteko kartzela zigorrera Kepa Urra euskalduna torturatzeagatik, baina Aznarrek indultoa eman zion eta gainera igo egin zuten, gaur egun general egin dutelarik. Hauxe da Hispanistan frankistako injustizia eta ustelkeria.
Jainkoak libra gaitzala frankista ustel eta anker hauen eskuetatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!