Kale Kantoitik

Ongi etorri, urte berri

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubeldia 2019ko urt. 7a, 12:44

Ongi etorri, Urte Berri! Euskal presoak etxera ekarri. Osasuna, bakea, lana, eguneroko ogia, maitasuna, enpatia, ama lurra zaintzeko grina eta nahia... eta sentimendu jator eta on guztiak gugan iratzarri eta zekentasuna, ustelkeria, lapurreta, indarkeria, arrazakeria, gorrotoa, berekoikeria, inbidia... gugandik urruti jarri.

Sugeak urtean behin aldatzen du bere jantzia edo azala, udan uste dut; guk ere aldatu behar genuke gure bizimodua urte berriarekin. Bada esaera bat erdaraz “urte berri, bizi berri” dioena (año nuevo, vida nueva). Eta ez legoke gaizki ikasiko bagenu urte hasiera bakoitzean gauza eta ohitura txar guztiak amildegian botatzen. Batzuek itxura fisikoan jartzen dute garrantzia, eta urte berriarekin gorputza zaintzeko ariketak eta kirolak egiteari ematen diote. Hor ikusiko dituzu gimnasioan edo korrika edo txirrinduan... beren itxura eta osasun fisikoa zaintzen. Baina inork ez digu esaten osasun fisikoa bezain garrantzitsua dela arimaren eta buruaren osasuna zaintzea. Eta pentsamendu eta sentimendu negatiboak gugandik uxatzeko ahaleginik eta ariketarik ez badugu egiten, horiek barruan jarraitzen dute gure osasun mentala eta animikoa gaixotzen eta hondatzen. Gorputza zaintzea bezain garrantzitsua da burua eta arima zaintzea. Gorrotoak, inbidiak, handinahikeriak, harrokeriak eta mota guztietako “-keria” txar guztiek gugan habia egiten badute, “mitxelin” psikiko eta mentalez beteriko pertsonak izango gara, ez dugu aurrerapen handirik egingo gure izaera pertsonalean. Eta “mitxelin” edo grasa mentalak eta barnekoak okerragoak dira fisikoak baino. Pertsona kaxkarrak egiten gaituzte arimako eta buruko akats eta ahulezia horiek. Eta esango nuke gaurko gizarte honek ez diola ematen behar duen garrantzia beste osasun eta ongizate mental, psikiko eta animiko honi.
Eta hortik dator gure amalurra ez zaintzea, gizartean oraindik hain nabarmen ageri den indarkeria matxista, handinahikeria, norbera gora igotzeko errukirik gabe besteak mendean hartzea, neurri gabeko diruzaletasuna, animalia eta izaki bizi guztienganako enpatia falta, naturarenganako begirunerik eza, arrazismoa...
Ikas dezagun kanpora atera eta amalurrak eskaintzen dizkigun edertasunak miresten eta horiekin gozatzen: ez al da ederra mendian behera datorren errekatxoaren murmurioa? Eta haren ur garbiak etengabeko jarioan ikustea? Eta bertan bizi diren arraintxoak edo zapateroak edo txoriak zoriontsu ikustea? Ez al da ederra kattagorri bat zuhaitzean gora edo adarrik adar akrobaziak egiten begiztatzea? Edo basoan orbelak kras-kras zapaltzen zoazenean haizearen firfira aurpegian sentitzea? Edo zure indarraren eta ahaleginaren ondorioz mendi gailur eder eta izugarri horiek oinpean hartzea?
Hainbeste gauza eder dauzkagu inguruan eta askotan ez dugu jakiten horiei daukaten balioa ematen. Eta naturako edertasunak mirestearekin batera ikasi behar genuke pertsonen artean edo gizartean dauzkagun hainbat gauza eder baloratzen eta horiekin gozatzen. Hainbeste pertsona jator besteen ongizateaz arduratzen direnak, besteen samina edo gaixotasuna arintzen ahalegintzen direnak, Mediterraneoan datozen emigrante errukarri horien biziak salbatzeko beren bizia arriskuan jartzen dutenak... Hainbeste lore dago munduan...! Baina horiek ez dira erakusten telediario edo albistegietan. Ustelkeria, zikinkeria, gerra, kataklismoak... ematen zaizkigu, beldurrez eta agintarien menpeko bizitzen ikas dezagun. Bestela zer izango litzateke mundu hau denok jabetuko bagina zoriontsuago garela pertsona onak, zintzoak eta garbiak izanik, besteei lagunduz, mundu jatorrago bat egiten ahaleginduz...? Non salduko lituzkete putre horiek beren armak, non geratuko lirateke beren irabaziak, nork onartuko lituzke ustelak?
Urte berri, ongi etorri! Euskal presoak etxera ekarri eta bizitzaren ikuspegi berri eta jatorragoa eman guri.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!