ELKARRIZKETA

«Grabatzen den eszena bakoitzean raccorda mantentzen ibiltzen naiz»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko urr. 24a, 07:55

Makillatzailea eta ile-apaintzailea da Sandra Cerio. Telebistako hainbat saiotan aritu da lanean: Qué me estás contando, El Conquis, Gure kasa, Biba zuek… Fikzioari dagokionez, EITBko Ihesaldia, Altsasu eta Go!azen telesailetan egin du lan eta Amazon Prime plataformaren El internado telesailean ere. Zineman, une honetan aretoetan ikusgai dagoen Maixabel filmean errefortzu gisa hartu du parte.

Zertan datza zure lana?

Nik makillatu eta orraztu egiten dut eta ondorioz grabatzen den eszena bakoitzean raccorda mantentzen ibiltzen naiz buru-belarri. Nire lana ez da aktoreak txukun jarri eta etxera alde egitea, baizik eta grabaketan presente egon behar dut une oro dena bere tokian egon dadin. Aurrez lan handia dago pertsonaia bakoitzak izango duen orrazkera eta makillajea prestatzeko, diseinu bat egin behar duzu pertsonaia agertzen den eszena bakoitzeko, haren egoera emozionala ere kontutan hartuz. Behin grabaketan nagoela, esan dudan bezala, raccorda mantentzen ibiltzen naiz: eszena berbera behin baino gehiagotan grabatzen da eta nire lana ile eta makillaje guztia hasieran zegoen bezala uztea da muntaketa egiten denean arazorik egon ez dadin. Adibidez, pertsonaia batek korri egiten badu sekuentzia batean eta izarditan hasten bada, nire lana grabaketari berriro ekin aurretik pertsonaiak korri egiten hasi baino lehen zuen itxura berreskuratzea da.



Desberdintasunik nabari al duzu telebistan, plataformetan, zineman… lana egiterako orduan?

Bai, batez ere diru kantitatea aldatzen da. Nire lanari dagokionez, telebistarako lanean aritu naizenean oso makillaje potenteak egin ohi ditugu, bertako argiztapenak asko xurgatzen duelako. Telesail bat edota zinema grabatzerakoan zerbait naturalagoa bilatu ohi da.

Plataforma batentzat lan egiteak zertan aldatzen du zure jarduna?

Jende kantitatea aipatuko nuke; departamentu bakoitzean jende asko dago. El internado telesailean makillajea eta orrazkera bereiziak egiten ziren, makillajeaz arduratzen ginen lau pertsona geunden eta orrazkeraz arduratzen ziren beste lau langile zeuden. Ez ginen besteen lanaz arduratzen. Metodologia horrek emaitza hobeak ematen dizkizu, norberaren lana espezifikoagoa da eta errazagoa da akats gutxiago egitea.



Plataforma gehiagorekin lan egin nahi duzu?

Fikzioa den guztiak erakartzen nau. Telebistako programek ez naute horrenbeste erakartzen egiten den makillaje motagatik: zauririk edota halakorik ez duzu sekula egiten. Netflix eta HBO bezalako plataformentzat lan egitea gustatuko litzaidake, baina ekoizpen txikiak ez ditut alde batera utzi nahi lankideekin sortzen duzun loturagatik. Familia txikiak sortzen ditugu.

Soldata jasotzerako orduan ere nabari al da ezberdintasunik?

Bai, nabari da. Urtean behin plataformaren batentzat lan egitea ez legoke gaizki. [Barreak].

Ekoizpen handientzat lana egiteak zure sormen propioa mugatzen du?

Pertsonaiak zehatzak dira eta gidoian ongi definituta daude. Hala ere, gidoi-irakurketak egiten direnean gauzak konkretatzen joaten dira eta tarteka egin beharreko hori zure gustura egin dezakezu. Esaterako, pertsonaia batek zauri bat egiten badu aurpegian, zauri hori nola egin nik erabaki dezaket. Beste batzuetan makillaje-buruaren esanak jarraitu behar izaten ditut. Niri, ordea, lantalde guztiarekin askatasunez hitz egitea eta guztion iritzietatik ideia onena aukeratzea gustatzen zait.

 

«Ekoizpen handiko produktuetan  denbora gehiago dago sekuentzia bakoitza  grabatzeko  eta, beraz,  akats gutxiago  izan ohi dira»

 


Ikusle gisa, plataformek kalitate hobea al dute makillajeari dagokionez?

Orokorrean akats berdinak egiten dira toki guztietan. Adi egon behar da lanean raccorda mantentzeko. Ekoizpen handiko produktuetan denbora gehiago dago sekuentzia bakoitza grabatzeko eta, beraz, akats gutxiago izan ohi dira. Ekoizpen txikietan denbora gutxi izan ohi da eta denboraz gaizki zabiltzanean dena okerrago ateratzen da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!