Zazpigarren ilara

«Euskara salbatzeko modu bakarra euskal istorioak kontatzea da»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko mar. 7a, 07:57

Itziar Ituño (Basauri, 1974) Nazioartean ezagunena den euskal aktorea dela diote La Casa de Papel seriean parte hartzeagatik, baina Euskal Herrian aspalditik dakigu nor den Goenkaleko, edo Alardeako lanengatik, besteak beste. 

Zinemari dagokionez, Loreak, Errementari, Lasa eta Zabala, Hil kanpaiak, Basque selfie eta abar luze batean hartu du parte. Antzerkian Amantalen ahotsa eta Yo soy pichichi aipa genitzake, zerrenda gehiegi ez luzatzearren. Interpretazioaz gain abeslari lanetan ere ibiltzen da Ingot taldearekin eta tarteka sorpresatxoak ere oparitzen dizkigu, esaterako, Anne Etchegoyenen Ez da ez eta Duplaren Hamaika gara abestietan parte hartuz.

Aktore bezala ezagutzen zaitugu baina musikan ere hainbat lan egin dituzu.

Hamabost urte baino gehiago daramat musikaren munduan sartuta, bai abesten bai autodidaktikoki ikasi dudan panderoa jotzen. Anne Etchegoyen nirekin kontaktuan jarri zen, emakume gisa borroka berean gaudela jakinda: hegoaldeko eta iparraldeko emakumeen artean kolaborazioa izan zen. Dupla taldearekin egindako abestia Gure Eskurako sortutakoa da eta oraindik horrekin gerra gehiago emango dugu. Pirritx eta Porrotxen azkeneko diskoan ere abestuko dut.

Interpretazio ikasketak eskola batean jaso dituzu edo horretan ere autodidakta zara?

Eskolan. Gauzak serio planteatzen dituzunean oinarri tekniko bat jasotzea garrantzitsua iruditzen zait. Hamalau urterekin orain existitzen ez den Basauriko antzerki eskolan hasi nintzen. Bere desagerpena sekulako porrota izan zen herriarentzat. Tailerrak egiten nituen hasieran eta gero arratsalderoko klaseak jasotzen nituen bertan. Donostiako Antzerti eskolan amaitu nituen ikasketak. Lehen ez zegoen karrera edo halakorik Euskal Herrian… Ofizialtasun puntu hori ez zegoen, ziurtagiri bat ematen zizuten soilik.

«Oso txertatuta dugu herri gisa auzolanean aritzeko ohitura. Ez dut hierarkia batere maite»


Zein izan zen zure lehen lan profesionala?

Ivan Belastegik zuzendutako TV movie bat, Agur, Olentzero, agur izenekoa. Horri esker Goenkaleko castingera aurkezteko deitu zidaten. Tira, hamasei urte nituela bikoizketan ere aritu nintzen lanean… Nire eskolara ahots bila etorri ziren eta nirea gustatu zitzaien.

Makina bat anekdota izango dituzu kontatzeko.

Telebistan edo zineman testua ahaztuz gero ez da ezer gertatzen grabazioa moztu dezakezulako. Antzokian, ordea, konponbide bakarra ahal duzun moduan aurrera jarraitzea da. Birritan zera gertatu zait, estreinaldiaren aurreko gauean testua ahaztuko zaidanaren amesgaiztoa izan eta gero agertokian nengoenean burua hutsik gelditu. Zure burua boikoteatzen duzula dirudi. Beste anekdota bat ere badut, behin frontoi batean genuen emanaldia eta sekulako kakalardoa agertu zen agertokian. Publiko guztia hari begira zegoen eta Asier Hormazak zapatarekin jo zuen azkenean. Haren zarataren ondorioz bai aktoreak, eta baita publiko guztia barrez lehertu ginen.

Zertan gara onak euskaldunak zinemagintzan?


Nik uste ez garela besteen oso desberdinak, hori bai, horren herri txikia izateko oso profesional onak ditugula ikusten dut, bai alde teknikoan eta bai alde artistikoan ere. Berdintasun moduko bat mantentzen dugu lantaldeetan eta ez dago kastarik, auzolanean aritzen baikara. Egun puntualetako tontakeriez aparte arduratsuak eta langileak garela uste dut, divo-izaera eta banitatea ez ditut horren nabarmen ikusi Euskal Herrian. Jendea laua eta apala da, agian oso txertatua dugulako gizarte gisa auzolanean aritzeko ohitura hori. Horretan uste dut onak garela euskaldunak. Ez dut hierarkia batere maite.

Feminismoaren ikuspuntutik, zer istorio falta dira euskal fikzioan?

Orokorrean istorioak falta dira, herri txikia gara baina badugu hainbat istorio azaltzeko. Mitologia aberatsa dugu, historia bera ere bai, gauza intimoak ere azal ditzakegu. Orokorrean diru-iturri beharra dago. Crowdfundingekin moldatzera ohitu gara laguntzarik jasotzen ez dugulako eta beti diru-bilketan gabiltza. Oso kapazak gara gauza handiak ondo egiteko, baina badirudi agintean dauden batzuek ez dutela hala uste. Emakume zuzendari eta gidoilari mordoa falta dira gure istorioak mahai-gaineratzeko, aukerak behar dituzte. Kargu potoloetan agintzen eta erabakiak hartzen ere behar dira emakumeak gero istorioetan hori argi islatzen baita. Horrez gain, emakumeak adin jakin batetik aurrera desagertu egiten direla dirudi. Pauso txikiak egiten ari dira bide onetik hori aldatzeko baina asko falta da. Tamalez, Euskal Herria ez da salbuespena horretan. Falta da, baina lortuko dugu: tunelaren amaierako argitxoa ikus daiteke. Noski, euskaraz sortzea ere beharrezkoa da. Euskal hiztunok ez gara horrenbeste izango, baina euskara salbatzeko modu bakarra euskal istorioak kontatzea da eta horretarako audiobisuala oso medio potentea da.

'Loreak' eta 'La casa de papel'ek eman dizuten ikusgarritasunari esker euskal kulturak ere irabazten al du ikusgarritasunik?

Nire kasuan, euskaraz lan egiteak ireki dizkit ateak eta mundua. Casting asko egin ondoren Loreak pelikulan hartu ninduten, sekulako zortea izan nuen eta horrek ate asko zabaldu dizkit. Lasa eta Zabala, Alardea… orain gaztelaniaz nabil lanean, baina erreferente moduan balio dezakete adibide horiek jendeari egin ahal dela erakusteko. Errementari filma adibidez Netflixek erosi du jatorrizko bertsioan. Mundua asko aldatu da eta gu bertan euskararekin sar gaitezke, hori baita besteengandik dugun gauzarik desberdinena. Exotikoak gara! Katalanak horretan kontzientziatuago daudela uste dut, Merlí bezalako serie bat behar dugu hemen.


Guk 'Go!azen' daukagu.

Bai, horiek dira jarraitzen duten bakarrak. Eskerrak orain Pikuak bezalako proposamen berriak dauden. Zortzi minutuko hiru kapitulu, niri labur egin zait. Gehiago ikusiko nuke, baina horretarako dirua behar da, ea ipintzen duten.

Ez dirudi bigarren denboraldia egingo denik: baliabide falta.

Orain EiTBko zuzendaria aldatu da eta ea zein diren bere proposamenak. Euskaraz daukagun kate bakarra ezin dugu hiltzen utzi, ezin gara atzean gelditu eta atzean geratzen ari gara.

'Pikuak' telesailean rol nagusia hiru emakume gaztek betetzen dute, diru gutxirekin egindako produktua da. Zer etorkizun du euskal gazteriak?

Gazteek borrokatu behar duzue horren alde eta pandemiaren ondoren are gehiago. Nik uste sekulako krisia datorkigula, baina indartsu zareten horiek aurrera egiten jarraitu behar duzue. Askotan denbora gehiegi egoten gara mugikorrari begira eta gutxi errealitatean. Sare sozialak tresna bat dira, baina batzuetan denbora galtzeko zulo handi batean bilaka daitezke. Esperantza ez da inoiz galdu behar, denon artean egoera irauliko dugu. Pikuak telesailekoei nire zorionak luzatu nahi nizkieke, ideia ausarta eta freskoa iruditu zait emakumeen sexuari buruz hitz egitea. Bazen ordua! Eta pena ematen dit horrelako pilulatxoak bertan behera geratzeak.

 

MOTZEAN

 

Aktorea: Kandido Uranga, Ramon Agirre, Klara Badiola, Amancay Gaztañaga, Miren Gaztañaga, Miren Gojenola… horiek guztiek inspiratzen naute.

Seriea: El colapso, ikusgarria da. Filmin plataforman dago.

Antzezlana: Un obús en el corazón ikusi berri dut Madrilen, Hovik Keuchkerianek egiten duen bakarrizketa bat.

 

PIKUAK, 2020

 

Zuzendaria: Maddi Castro.

Aktoreak: Ainhoa Artetxe, Miren Nogales eta Amaia Ruiz de Galarreta.

Ikusgai: EITB nahieran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!