Herrikide ikastetxea hemen eta han

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2026ko maiatzaren 12a

Bukatu berri da aurtengo ikasturteko azkenengo elkartrukea. Poloniako Poznan hiriko ikasleak Tolosan egon berri dira. Apirila amaitzearekin batera, Herrikide Ikastetxeak itxiera eman dio Erasmus+ proiektuek ekarritako aurtengo mundu birari. Polonia, Frantzia eta Portugal izan dira jomugak.

Batxilergoko ikasleek Auschwitzen naziek eragindako sarraskia gogoratzeko eta gertakari honen inguruan hausnartzeko aukera izan dute; DBH 3. mailako ikasleek fadoak herri baten identitatean uzten dituen aztarnen inguruan hausnartu dute, eta DBHko 4. mailakoek Lehen Mundu Gerrak Frantzian utzitako ondorioak aztertu dituzte. Bizipen hauek guztiek ikasleen munduarekiko begirada zabaltzen laguntzen dute.

Tradizio luzea duten elkartrukeez gain, Herrikide Portugaleko eta Hungariako irakasleen behaketa lekua ere izan da. Azken zortzi urteetan martxan duten eta koirakaskuntza ardatz duen BIZI diziplinarteko proiektua ezagutzera etorri ziren Hungariatik.  Portugaletik, berriz, hezkuntza berezian egiten den lana ezagutzera etorri ziren. Bisita horietaz gain, ikastetxeko irakasle bat Portugaleko Alenquer hirira joan zen hango heziketa bereziko proiektua gertutik behatzera. Honelako harremanek balio handiko ikaskuntza-esperientziak eskaintzen dituzte.

2021 ikasturtean Erasmus+ akreditazioa lortu zuenetik nazioarteko proiektuak indartzen ari da Herrikide Ikastetxea. Horrelako ekintzek gure ikasleak eta hezkuntza komunitate osoa aberasten dutela jakinda, jada lanean ari dira hurrengo ikasturteari begira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!