Herrikide ikastetxearen elkartasun kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2026ko martxoaren 4a

Iazko Elkartasun Urratsak egitasmoko irudia. Iturria: ATARIA

Aste honetan eta hurrengoan (martxoak 2-13), elkartasun kanpaina ospatuko dugu ikastetxean. Aurten Itaka-Escolapios fundazioak mundu mailan dituen hainbat proiektu ezagutu eta laguntzeko helburuarekin burutuko dugu gure kanpaina.

Baina kontua ez da soilik beste errealitate batzuk ezagutzea, baizik eta gure ingurunea hobetzeko zerbait egitea. Arazo garrantzitsuak konpontzen lagunduko diguten proiektuetan parte hartu ahal izango dugu. Arazo benetan larriak: jatekorik ez izatea, ikastetxera joateko aukerarik ez izatea, naturaren egoera larria, mutilen eta nesken arteko aukera ezberdintasunak, herrialde batzuen eta besteen arteko errespetatu ezak sortzen dituen arazoak... Gure ekintzak, txikiak badira ere, mundu osoko pertsonengan eragin dezakete.

Hainbat ekintza egingo ditugu bi aste hauetan, eta horrela izango da datorren astean ere. Datorren larunbatean, martxoak 7,  ekintza berezi bat egingo dugu tolosarrek kanpainan laguntzeko aukera izan dezaten: Elkartasun Urratsak. Dortsalak erosteko aukera egongo da 2 euroren truke, eta nahi adina kilometro egin ahal izango dira.

Zer dira Elkartasun Urratsak?

  • Helburua: denon artean (ikasle, guraso, langile, ikasle ohi, tolosar, eta abar) ahal dugun kilometro gehien egitea, oinez edo korrika.

  • Nola: parte hartu nahi duenak dortsala erosi beharko du 2 eurotan. Ikasleek eskolan hartuko dituzte; familiek eta animatuko diren beste guztiek egunean bertan, San Francisco 12n.
  • Noiz: Martxoaren 7an, 10:30etik 12:30era.
  • Ibilbidea: San Frantzisko 12, Gernikako Arbola lorategiak 1, Batxiller Zaldibia kalea, Geltoki kalea, San Frantzisko 12. (LHko eraikinaren ingurua).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!