Herrikide ikastetxeak antolatutako Bizikidetza ekitaldia hilaren 26an izango da

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2025eko azaroaren 13a

XIII. Bizikidetza ekitaldia azaroaren 26an izango da Zerkausiaren azpialdean, 10:00etatik 12:30era.

Tolosako Herrikide ikastetxeko proiektuaren ardatz dugu konpetentzia sozioemozionalak garatu eta bizikidetza positiboa sustatzeko sistematikoki egiten ari garen lan guztia, Kide izenez ezaguna den programa hain zuzen.

Prozesu hau 2004an abiatu zen, eta 20 urtetik gora daramagu programa aberasten. Hasieran, konpetentzia sozizoemozionalak lantzeko programa sortu genuen, urtez urte egokitzen eta hobetzen ari garena. Ondoren, urratsez urrats gatazkak elkarrizketaren bidez konpondu edo bideratzeko estrategia eta tresna desberdinak ezarri eta sendotu ditugu: Adostokiak, LHko bitartekaritza zerbitzua, BHko ikasle laguntzaile-bitartekariak... oso emaitza politak lortuz. Ikerketa zientifikoak ere burutu ditugu lan honek onurarik duen jakin nahian.

Eskola gizartea eraldatzeko eragile garrantzitsua dela sinetsita gaude. Hori horrela, prebentzio lan hau guztia partekatu eta zabaldu nahi dugu gure gizartean lagungarria izan baitaiteke. Horrexegatik, eskolan gai hau lantzeaz gain, erakunde desberdinekin zubiak eraikitzea izan da beti gure helburuetako bat. Beraz, urtero ekitaldi bat antolatzen dugu hainbat erakunderekin bizikidetza positiboa sustatzeko esperientzia desberdinak konpartitzeko. Pozgarria da orain arte egindako guztietan erakundeen aldetik jaso dugun erantzun positiboa.

Bada, XIII. ekitaldia azaroaren 26an, asteazkena, 10:00etatik 12:30era izango da Tolosan, Zerkausiaren azpialdean. Tolosako Arraun Klubarekin elkarlanean antolatu dugu, arrauna izango baita aurten sinbolo esanguratsua. Izan ere, bizikidetza eta arraunaren dantza oholtzara ekarri nahi dugu: oreka eta erritmoa, denok norabide berean, esfortzua, elkar zaintza...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!