HERRIKIDEko KIDE programak bizikidetzako lehen saria jaso du.

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2017ko urr. 27a, 11:49

KIDE programaren helburua eskola jazarpena saihestu eta bizikidetza positiboa sustatzea da. Duela hamalau urte Adimen Emozionala lantzen hasi ziren.

Irakasle guztiak formatu eta ikasleekin lanean hasteko beharra sentitu zuten. Emozioak eta sentimenduak era sistematikoan jorratzeko programa egokirik aurkitu ez zutenez, material propioa sortzeari ekin zioten (2008an Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratu zuena). Oso oinarri egokia izan zen Bizikidetza Positiboa bultzatu eta gatazken kudeaketarako martxan jarri diren tresnak arrakastatsu izateko. Hala KIDE, (Kidetasunerako Dinamikak Eskolan) estrategia desberdinak osatzen dute: adostokiak, bitartekaritza zerbitzua, ikasle bitartekari-laguntzaileak, cyberkideak eta bizikidetza behatokia, besteak beste.

Gatazka txikiak detektatu eta bideratzen dituzte. Horrela ez dute arazoak zailtzen uzten eta eskola jazarpena prebenitzeko aukera ematen du. KIDE oihartzun eta interes handia pizten ari denez, hezkuntza munduko profesional ugari ari da gerturatzen ikastetxera (Gipuzkoako hezitzaileak ez ezik Bizkaia, Araba, Nafarroa, Burgos, Valladolid, Sevilla, Salamanca, eta Madrilgo irakasle asko). Gurasoak ere gustura daude egiten den lan honekin. Eta hainbat unibertsitateko aditu Herrikidera etortzen direla jakitean harrituta geratzen dira. Alcalá Unibertsitateko IMECA ikerkuntza taldeak eman berri duen sari hau beste errekonozimendu bat da.

Programa honek eskolako erlazioak positiboak izan daitezen bitarteko aproposak jartzen dituela diote. Baita ikasleriaren ongizatea eta ikaskuntza prozesua hobetzen laguntzen duela. Horrez gain, programa honen sendotasuna eta sostengarritasuna ere nabarmendu dute. Urriaren 26an, Pello Agirrezabal (HH-LHko zuzendaria) eta Txaro Etxeberriak (Orientatzailea) saria jaso dute Alcalá de Henaresen antolatu duten “I Congreso Internacional de inclusión y mejora educativa”-n. Kongresu honetako sinposium-etako komunikazio batean KIDE programa azaltzeko aukera ere izan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!