IKASLEAK MOTIBATZEKO irakasle motibatuak behar ditugu. Nola areagotu irakasleon motibazioa?

Erabiltzailearen aurpegia Herrikide Ikastetxea 2016ko aza. 10a, 16:30

Egun, maiz entzun eta irakurtzen dugu hezkuntzak berrikuntza sakona behar duela, XXI. mendean izango ditugun erronkei erantzun egokia eman ahal izateko baliagarria izan behar duela. Gainera, zorabiatzeko adinako mezu ari zaizkigu iristen mantra bailiran: “ikasleak izan behar du hezkuntzaren protagonista”, “irakaslea da berrikuntzaren ardatza”, “ikasgelan hasten da berrikuntza”, etab. Beldur naiz irakasleen artean motibazioa areagotzeko asmoz esaten diren horiek blokeoa edo/eta erresistentzia handiagoa ez ote duten eragiten. Hori horrela, nola motibatu eskolako hezitzaileak PROZESU horretan barna abia daitezen/gaitezen? Gure ustez, KUTSATZE POSITIBOA da gakoa. Askotan, kutsatu hitza negatiboa den zerbaitekin lotzen dugu eta ezin ukatu era guztietako birusak kutsatzen direla, gripearen birusak, birus informatikoak… Hala ere, jakin badakigu esperientziak hala erakutsi digulako ezaugarri positiboak ere kutsa daitezkeela. Bide horretan irakasleriaren prestakuntzarekin hasi beharko genuke. Hezitzaileok ohituta gaude formazioa jasotzen. Gehienetan helburua zera izaten da, teknika edo metodologia berriren bat ikasi ahalik eta lasterren gelan ikasleekin lantzen hasteko. Baina lan hori arrakastatsu izateko, aurretik PERTSONA prestatu behar dugu, hazia(k) erein eta fruituak jaso nahi ditugunean lurra prestatzen dugunaren antzera. Horretarako giltza, adimen emozionala lantzea, hobetzea. Norberaren eta besteen emozioak identifikatzeko eta era egokian kudeatzeko abilezia garatzea da xedea. Adimen intrapertsonala eta interpertsonala lantzen hasi orduko, konturatzen gara mesede handia egiten digula arlo pertsonal, familiar zein profesionalean. Konpetentzia hauek garatzeak lankideen arteko kooperazioa errazten du, sortzen diren gatazkak elkarri entzun eta elkar ulertuz konpontzen laguntzen digu, adostasunak erdiesten, elkarrengandik ikasi eta elkarri laguntzen erakusten digu. Eta egoera horretan “KUTSATZE POSITIBOA” delako hori, martxan jarri ahal izango dugu. Ezin gara baldintza perfektuen zain egon bide horri ekiteko, bestela ez gara sekula abiatuko. Hasteko nahikoa da ikuspegi hau konpartitzen duen talde bat “aliatzea” (zuzendaritza taldeko kideak, klaustrokide batzuk…) esperientzia edo berrikuntza batzuk martxan jartzeko. Ilusioz ekingo diogunez erronka honi, lantaldearen laguntza izango dugunez, esperientzia arrakastatsua izango da seguruenik. Ikasleen jakin-mina, motibazioa, segurtasuna, poza areagotzeko baliagarria izan dela ikustean, lankideek ere nahi izango dute ezagutu nola lortu dugun emaitza hori ikasleekin. Azalduko diegu egindakoa, gure gelara gonbidatuko ditugu, probatzera animatuko ditugu, egindako saiakera errefortzatu eta balioztatuko dugu,… eta honela joango da erakundea geruzaz geruza kutsatzen eta automotibatzen. Esan beharrik ez dago prozesu hau bizi duen edozein irakaslek gelara lan egiteko molde hau eramango duela. Irakasleak lehen aipatutako oinarri horiek (konpetentzia emozionalak) garatuta baldin badauzka, aukera handiago izango du ikasleen erreferente bihurtzeko, ikasleekiko atxikimendua lortzeko. Orduan, gelan sortzen diren emozioak ulertu eta kudeatzen laguntzeko moduan egongo da, kooperatzen irakatsi ahal izango die, piztuko diren gatazkak konpontzen lagunduko die,… Izan ere, gu geu egiteko gai ez garena zaila da ikasleei irakastea. Beraz, geure burutik hasi beharra daukagu langintza honetan. https://www.facebook.com/Hirukideikastetxea/posts/1794527187431325 Txaro Etxeberria (Hirukideikastetxeko Orientatzeilea)

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!