Askotan "euskara" izaten dugu ahotan, baina gazteleraz aritzen gara. Diskurtsoetatik haratago ekintzak izan behar du nagusi bizitzako beste esparru askotan bezala.
ICOT (International Conference of Thinking) bi urtetik behin mundu mailan hezkuntza eta pentsamenduaren inguruan egiten den Kongresurik garrantzitsuena da. COAS eta Tu Innovas-i esker, lehen aldiz ingelesa nagusi ez den leku batean izan da aurten, Bilbon hain zuzen ere.
Kongresua hemen antolatzeko izan duten ausardia txalotu behar dugu, baita antolaketa zoragarri hori ere ez baitzen batere lan erraza. Baina beste arlo bat ere nahiko genuke gaurkoan azpimarratu, ICOT 2015ean komunikazioak euskaraz egiteko izan den aukera.
Positiboa da, gure ustez, gure kultura, folklore edo ohiturak erakustea, baina hizkuntza dugu kulturaren ardatzetako bat eta ez genuke ahaztu behar hizkuntzak komunikatzeko tresna izan behar duela, edozein esparrutan komunikatzeko tresna. Horrrelako Kongresu batean euskaraz aurkez daitezkeen komunikazioak aukeratu eta programan euskaraz izango direla azaltzea euskararen aldeko ekintzatzat jotzen dut.
HIRUKIDE IKASTETXEAk izan dituen hiru komunikazioak euskaraz izan dira. - Gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzeko estrategia: ikasle bitartekarien zerbitzua. (Pello Agirrezabal eta Txaro Etxeberria) - HEZI, Hirukideko Estimulazio Zentro Integrala. (Pello Agirrezabal etaTxaro Etxeberria) - Teknologia Librea eta Zerbitzua. (Jabi Luengo)
Hizkuntzaren kontu honek gure komunikazioetarako izena emanda zuen jende asko kanpoan utzi du komunikazio hauen kasuan ez baitzen itzulpenik izaten. Baina jende gehiagorengana iristea baldin bada beti kontuan hartzen dugun irizpide bakarra ez genuke euskaraz ezertxo ere egingo; ez genuke musikagintzarik, ez zinegintzarik, ez idazkintzarik…
Gure ikastetxea euskalduna dugula esateaz gain, euskarak bere lekua izan dezan saiatuko gara aurrerantzean ere ekintzen bidez. Bukatu aurretik MILA ESKER!! ICOT 2015eko antolatzaleei euskararekiko erakutsi duzuen sentsibilitateagatik.
Eta esan baita gure aurkezpenetan hizkuntzarengatik egon izan ez ziren guztiei (jakin badakigulako horietako asko Espainiako ikastetxe askotako hezitzaile eta zuzendaritza taldeetako partaideak zirela), gazteleraz egiteko aukera ere izango dugula aurrerantzean eta egingo dugula eskatzen digutenean, noski!