Hezkuntza munduan ezaguna da Tolosako Hirukide ikastetxea eskuartean daukagun proiektua benetan berriztatzailea eta kalitatezkoa baita.
Adimen anitzak garatzen ari garen proiektu honetan esparru ugari ari gara jorratzen. Horien artean ezin ahaztu aspalditik bizikidetza positiboa sustatzeko egiten ari garen lan guztia. Gatazkak elkarrizketaren bidez konpontzen erakusteko estrategia eta erreminta desberdinak dauzkagu “Adostokiak” eta bitartekaritza-zerbitzua (LHn) eta ikasle laguntzaileak (DBHn) esaterako.
Bitartekaritza-zerbitzua duela bost urte jarri genuen martxan eta oso emaitza politak lortzen ditugu.
Urtero ikasle bitartekari izango diren ikasleei formazioa eskaintzen diegu eta formazio hori amaitzean, kanpoko erakunde batzuekin batera esperientzien trukaketa egiten dugu.
2013-14 ikasturtean, azaroaren 6an antolatu genuen topaketa hori gure ikastetxean. Bertara, Tolosako alkatea, ikerketa saileko ertzaintzako arduraduna, Baketik, Bakeola, udaleko gizarte hezitzaileak, Aintzane Ezenarro (Eusko Jaurlaritzatik), Mondragon Unibertsitatea, Deustoko Unibertsitatea, Lasarteko Berritzegunea, Lucía Gorbeña... etorri ziren. Ekitaldia positibotzat jo genuen, bai guk eta baita ere bertaratu ziren kanpoko erakundeek.
Aurten, irailean hasi ginen bitartekari berrien aukeraketa prozesua eta formazioarekin. Unibertsitatearekin ere zubiak eraikitzea beti helburu dugunez Azaroaren 12an, asteazkena, Donostiako Irakasle-eskolan antzeko ekitaldi bat antolatuko dugu.
Hirukideko Pedagogia-taldea