Argi zegoen ez zela erraza izango, eguraldi txarra egiten baitzuen eta zelaiaren egoera ez zen guztiz ona, baina hala ere, lokatzetan borrokatzeko prest geunden: gure eguna zen.
Aldageletan giro ona sumatzen zen musikaren laguntzaz, motibatuta geundela nabari zen. Partida hasi, eta baloia jokatzen ateratzea ezinezkoa zela konturatu ginen, beraz, beste jokatzeko modu bat topatu behar genuen. Partida borrokatua zegoen, baina Maddiren pase bikain baten ondoren Marrek baloia kontrolatu eta gola sartu zuen, taldeari sekulako bultzada emanaz. Atsedenera 1-0ekoarekin joan ginen, baina, bigarren zatia hasi bezain pronto Hernanik berdinketa sartu zuen. Ez genuen etsi eta berehala 2-1ekoa iritsi zen Marren eskutik. Afizio bikaina izan genuen, ez zuten taldea animatzeaz utzi gorantz bultzatzeko asmoz.
Sufrimendu luze baten ondoren, epaileak partidari bukaera eman eta arnasa hartu genuen, hiru puntuak etxean geratzen ziren eta. Taldea besarkada gozo batean murgildu eta aldageletara sartu ginen, musika piztu eta dantzatuz garaipena ospatu genuen.
Nork esan zuen hiru puntuak etxean mantentzea erraza zenik?