Eusko Jaurlaritzak euskarazko komunikabideei eragiten dieten 2 dirulaguntza deialdiren ebazpenak eman ditu jakitera eta horiek aztertu ondoren, Hekimen elkarteak honako balorazio hau egin nahi du:
1.- Euskarazko hedabideentzako 2022-2024 aldirako laguntzen kasuan, hiru urte ondoren esleitutako kopuruak oraindik ez dira 2018ko datuetan oinarrituz ezarri ziren kostu estandarren %35 estaltzera iristen, horrela adostuta badago ere.
Akordioaren helburu nagusia komunikabideen egonkortasun ekonomikoari laguntzea zen eta azken aldian paperak, argindarrak edota erregaiek izan duten garestitze handiak egonkortasuna bermatzetik urrunago eraman gaitu orain. Esaterako, zenbait komunikabidek deialditik deialdira gehiago jaso beharrean gutxiago jasotzen dute.
Azkenik, paradoxa zital bat suertatzen da deialdi honetan. Egitasmo berriak sortzea edo ekoizpena handitzea berri oso onak badira ere, deialdirako diru-funtsa finkoa denez, ekoizpena handitzea edo egitasmo berriak sortzea sektorearen kontra bihurtzen da, sektorearen beraren garapena eragotziz.
2.- Eusko Jaurlaritzak Covid-19aren pandemiak hedabideetan eragindako kalteak gutxitzeko dirulaguntza bereziak banatu ditu bigarrenez. Oraingoan iazkoan baino euskarazko komunikabide gehiago lagundu badituzte ere, euskarazko komunikabide gehienek (espezializatuek, astekariek, tokiko gehienek...) deialdi horretatik kanpo jarraitzen dute eta horrek ez du zentzurik: pandemiaren eraginak komunikabide guztiek pairatu dituzte eta denek lan egin dute beren hartzaileei informazio egoki eta zuzena emateko.
Iazkoak bezala, oraingo banaketa honek ere euskarazko komunikabideak kaltetzen ditu, audientziak kalkulatzeko erabiltzen den sistemak ez dituelako audientzia potentzialak bereizten eta bistan da erdal hedabideen audientzia potentziala eta euskarazkoena ez direla berdinak.
Honen guztiaren aurrean Hekimen elkartea osatzen duten komunikabideek, beren egonezina adierazteaz gain, erakunde publikoen aldetik baliabide handitze nabarmena eskatzen dute, honako helburu hauek lortzeko:
- Euskarazko komunikabideak egonkortzeko.
- Berrikuntza prozesuak eta proiektuak garatu ahal izateko.
- Proiektu komunikatibo berriak garatu eta egonkortzeko.