HAZKA podkast feminista

Nola jarri fokua, eta 'gero arte' bat

Erabiltzailearen aurpegia HAZKA 2023ko ekainaren 20a

Izango da urtebete proposamena jaso genuenetik. Feminismoaren ardatzean arituko zen podkast bat egiteko xaxatu gintuzten Atariako lagunek, eta, zalantzati egon baginen ere, osatu genuen mikrofono aurrean aritzeko taldea. 

Baiezkoa ematea erraza da, ordea. Horren ondotik datoz emakumeok hain errutinazko ditugun beldurrak, konplexuak eta guk esateko duguna inor gutxiri interesatuko zaiola pentsatzea. Azkuratxo hori. 

Eta, beharbada horregatik, kontatu nahi izan dugun guztia guk geuk ere gure azalean sentitzen dugulako, pertsonalaren eta politikoaren arteko zirkuitu hori etengabe errepikatzen delako, mikrofono hauek gure azkura batzuei HAZKA egiteko leiho egokiak izan zitezkeela pentsatu genuen.

Gutako bakoitza egia aitortzen hasiko bagina, aterako lirateke ezinak, hutsuneak edo nekeak; hala bizitzea exijitzen digu gizarte patriarkalak. Eta, zentzu horretan, gure bizitza eta lana podkast honekin uztartzea malabarista-lanetan aritzea suertatu zaigu zenbait momentutan. 

Eskerrak, estutasunak estutasun, gure ukendu eta akuilu izan diren saioan parte hartzeko baiezkoa eman diguten ahots guztiak: Silvana Ostiza eta Gotzone Ijurko, Miren Egiguren, Eukene Larrarte, Aintzane Artola, Izaskun Zeberio, Alazne Apalantza, Joana Aguado eta Ura Iturralde. 

Haien ahotik begiratu nahi izan diogu munduari, eta erakutsi, gure iritsi-ezinetan, azkuratan nahiz lorpenean bide berean goazela denok. Solaskide bikainak izan dira guztiak, eta argi geratu da emakumeok badugula zer esana eta zer egina. 

HAZKA iritsi da jarria zuen lehen helmugara, eta, momentuz, gure esperimentu txiki honek gaur emango ditu azkenak. Eskerrak eman nahi dizkiegu Atariako kideei, hilero gure alboan izan direlako. Eta, nola ez, entzule, momenturen batean gure saioan entzuteko gogoa izan eta irratira edo streaming-era gerturatu baldin bada, mila esker. 

Hemendik aurrera eta hemendik kanpora ere, gure azkurak partekatzen, haiei hazka egiten eta beste zenbaiti azkura sortzen saiatuko gara, gauden tokian gaudela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!