Nola izan motor, abiaduran

Erabiltzailearen aurpegia HAZKA 2023ko mar. 28a, 21:00

Seigarren Hazka dugu gaurkoa, eta automobilismoari egin diogu tartea; Alazne Apalantzak bere bizipenak kontatu dizkigu. 

Automobilismoa zabala da, hainbat modalitatetan lehiatzen dira kirolariak, baina, denetan ere, gizonezkoak dira nagusi. Badira, ordea, zaletasuna albo batera utzi ez, eta haien presentziaz erreferentziak sortzen joan diren emakumeak ere. 

Horietako bat da Alazne Apalantza; ezagunagoa, beharbada, fisioterapeuta eta osteopata moduan egiten duen lanagatik. Txiki-txikitatik autoen munduak erakarri izan du, eta etxetik jaso du automobilismoarekiko zaletasuna. Rally-etan aritzen da, kopilotu, eta emakumeak une historiko gozoa bizitzen ari direla dio: sekula baino gehiago ari dira parte hartzen, lasterketetan. 

Genero-arrakala baino gehiago, baliabide ekonomikoena ikusten du pilotu lanetan hasi edo ez hasi erabakitzeko. Hala ere, hizpidera ekarri ditu feminizatutako ikasketen luzerak, amatasunaren zikloak nahiz lotsak baldintzatzen dutela emakumeek automobilismoan duten parte-hartzea. 

Alaznek Michele Moutonen historia eta erreferentzia ekarri ditu elkarrizketara; eta haren bizitzaren inguruko filma ere aipatu dugu, gomendioen atalean: Michele Mouton inoiz izan den pilotu onenetariko bat bilakatu zen, Rally mundialeko lasterketa bat irabazi zuen lehenengo emakumea izan, eta historia idatziz.  

Agendan, berriz, apirilaren 1a biribildu dugu gorri-gorri: Andragora Tolosaldeko Emakumeen Etxeak ateak zabalduko ditu, eta goiz osoko egitarauaz gozatzeko aukera izango dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!