Erabateko kontzientziarik ez badu ere, argi dauka amaren itzala izan duela ikerkuntzaren bidea hartzeko, eta baita etxeko bost anai-arrebek jaso zuten heziketa parekidea ere. Horrela, ama gazterik izan nahi zuela argi zuen bezalaxe, argi izan du beti, beharrezko duela bere garapen profesionalarekin jarraitzea: «Eta askotan izan naiz ama txar bezala epaitua, horregatik».
40 urterekin AEBetara bidaiatu zuten, berak eta familian, bi urtez ikerkuntza-zentro batean buru-belarri aritu zedin eta, handik bueltan egin zizkioten elkarrizketa bakar batean ere ez zioten ikerketaren emaitzei begirako galderarik egin: «Denak ziren familiari eta arlo pertsonalari begirakoak». Amatasun askeak erdigunean jarri nahiko lituzke, epairik gabeak, eta urte batzuk zaintzarako hartzeak ibilbide profesionalik ez penalizatzea nahiko luke.
Izan ere, emakumeen presentzia unibertsitatean eta goi-mailako ikasketetan asko hobetu den arren, kristalezko sabaiak hor jarraitzen du, eta «emakume oso gutxi heltzen dira ikerketako goi-karguetara». Zailtasunak zailtasun, pasioz eta grina sortzen dion bide horretan jarraituko du, gaur egun sendatzen dutena baino jende gehiago sendatzeko lanean.
Proposamenak
Gaurko gure proposamenetan, berriz, emakumeakzientzian.eus webgunea, Zientziaren izarrak, emakumeak itzaletik argira liburua, emakume zientzialarien protagonismo eta rola komunikabideetan aztertzen duen Maider Eizmendiren Jakin aldizkariko artikulua eta Junkal Altzugaraik sortutako Alooa (alooa.eu) ikerketa zientifikorako alu modelo berritzailea ekarri ditugu. Uhin ultramoreak zientzia eta teknologia podkastari ere egin diogu erreferentzia, begi-bistan ez dagoena azaleratzeko egiten duten ahaleginagatik.
Eta Eukene Larrarte zoriondu gabe ezin izan dugu saio hau itxi. Duela gutxi gonbidatu izandako txirrindulari tolosarrak bere ibilbideko emaitza onena eskuratu du berriki, pistako txirrindularitzan, scratch proban, Europako txapeldunorde izan baita. Bejondeizula!