Bakoitzak bere bertsokera izaten duen moduan, helburuak ere bakoitzak bereak izaten ditu. Aurtengo Txapelketa Nagusian, Oihana Iguaranek eta Aitor Mendiluzek, behintzat, beraienak bete dituztela esateko moduan gara. Batak, bere lehendabiziko parte hartzean maila bikaina erakutsi du batez ere Leitzako saioan. Besteak, berriz, bosgarren aldiz lortu du Txapelketa Nagusiko finalerako txartela. Ea hemendik aurrera jarritako helburu berriak betetzeko gai den.
Larunbatean, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian izan zen 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken finalaurrekoa. Ia 3000 lagun kantxan eta harmailetan. Gai-jartzaile bat eta sei bertsolari oholtzan. Begiak eta belarriak erne. Buruak eta mingainak lanerako. Eta merezi izan zuen.
Ikusteke zegoen nortzuk osatuko zuten BECen abenduaren 17an abestuko duen zortzikotea. Miren Amuriza, Oihana Iguaran eta Unai Agirre ziren ikusmin handiena sortzen zuten bertsolariak, beraiek baitziren Jon Maiari finaleko zortzigarren postu hori kentzeko hautagai nagusiak. Azkenean, Unai Agirre izan da BECeko zortzikotea osatuko duen bertsolaria, baina saioak eman zuen gehiagorako ere.
Larunbatekoa bertso saio bikaina izan zen. Hiru bertsolari besteen gainetik jardunagatik Sarriegi, Mendiluze eta Agirre Amuriza, Martin eta Iguaranek ere gogor lan egin zuten, zenbait bertsoalditan zertarako gai diren erakutsiz. Amurizak, esaterako, bikain osatu zuen zortziko txikiko ariketa Mendiluzerekin batera. Martinek, ostera, bakarkako ariketan erakutsi zuen zertarako gai den. Eta Iguaranek puntukako saio bikaina egin zuen Sarriegiren laguntzaz. Arratsaldeko bertsoaldirik onenak, ordea, Mendiluzek eta Agirrek puntuka eta azken honek Sarriegirekin hamarreko txikian egindakoak izan ziren Mendiluzek bakarka egin zuena ahaztu gabe.
Azkenean, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze eta Unai Agirre finalera. Besteek hurrengo txapelketaren zain geratu beharko dute, baina ez daitezela horregatik tristatu. Egindakoarekin harro egoteko moduan dira eta!