Zortziko handiko ariketan, Iguaran eta Soto kale saltzaileen paperean aritu dira. Laburu eta Bartrari, aldiz, preso baten lehengusuen paperetik kantatzea egokitu zaie. Azken bikotea Agirre eta Apalategirena izan da. Lanetik nekatuta etortzen diren bikotekideen azaletik abestu dute bi hauek. Hirurak ere ofizio ederrak izan dira eta entzuleek ere halaxe eskertu diete bertsolariei.
Zortziko txikiko lehen ofizioan Laburu Sotori odola atera nahian zebilen erizaina zen baina zaina ezin aurkituz zebilen. Saio ona egin arren, saio borobilena Iguaran eta Apalategirena izan da. Apalak konexiorik ez dagoen toki lasai batera joan nahi zuen oporretara. Iguaranek, aldiz, oporretan ere sareari konektatuta egon nahi zuen.
Puntuak erantzuten Iguaran izan da onena. Parekidetasunaren inguruko puntuei ezin hobeto erantzun die amasarrak. Laburuk ere bikain erantzun die gerraren inguruko puntuei, nahiz eta ez zuen batere gai erraza.
Hamarreko txikian eta kartzelako lanetan pixka bat behera egin du saioaren mailak. Bertsolariek ezin izan dute saio borobilik osatu eta ariketa bat azpimarratzekotan, Iguaranen kartzelakoa izan da onena. Honakoa izan da gaia: «Giltza sortatik giltza bat ateratzen ari zara». Bere kargua uztera doan alkate baten paperetik hiru bertso eder osatu ditu Iguaranek.
Honakoa izan da sailkapena: Oihana Iguaran (714), Agin Laburu (686), Iñaki Apalategi (685), Julio Soto (678.5), Unai Agirre (674.5) eta Oihana Bartra (619.5). Honenbestez, Iguaran zuzenean sailkatu da Durangon azaroaren 12an jokatuko den finalaurrekora.