Helatua tarrinan

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Mujika 2017ko uzt. 11a, 14:31

Zergatik denek jokatzen dute pilotan edo futbolean, eta ez esgriman edo pertika jauzian? Zergatik ume guztiei makarroiak tomatearekin jatea gustatzen zaie eta ez porru patata purea? Zergatik arropa denda batzuk bete beteta egoten dira eta beste batzuk huts hutsak?

Ederra da elatua jatea. Jogurtezko elatua. Jogurtezkoa eta txokolatezkoa. Bola bat zapore bakoitzetik. Askori txokolatezko elatua klasikoegia irudituko zaio. Niri gustatzen zait. Hala ere, gehien gustatzen zaidana jogurt zaporekoa da.


Uda hasi denetik ez da elaturik jan ez dudan egunik egongo. Elatu zuriak, horiak, marroiak… kolore eta zapore guztietako elatuak probatu ditut. Badakit denak probatu arren, niri gehien gustatuko zaidana jogurtezko elatua dela, baina denak probatu arte ezin jakin… Jendeak beti elatu berbera eskatzen du: batek bainilazkoa, beste batek limoizkoa edo mandarinazkoa, natazkoa eskatzen duenik ere bada… uda osoa pasatzen dute zapore bereko bola desberdinak miazkatuz. Eta beti, lehen miazkadaren ondoren “mmmmm, ze ona” esanez, “ze goxoa esan beharrean”.


Bakoitzak bere gustuko elatua dauka. Baina ez al dirudi guztion gustuko elatuak berdinak direla? Eladerira sartzean hogei zapore desberdinetako elatuak egoten dira mostradorean: “stracciatella, mango, kinder, nata, nata con nueces, tarta de queso, pistacho…” gaztelaniaz idatzitako hogei zapore, euskaldunoi elatua gustatuko ez balitzaigu bezala… baina hizkuntza irizpideen gaia beste baterako utziko dut. Hogei zapore elkarren ondoan… ze zapore fusioa, ze kolore festa… eta beti, beti, poto berdinak egoten dira erdi hustuta. Poto batzuk uda osoa beteta pasatzen dute, probatu ere egin gabe ia. Jogurtezko elatuaren potoaren bueltan aldiz, eladeriko langile guztiak elkar oztopatuz egoten dira, parranda erdian tabernetako kamareroak kañeroaren ondoan egoten diren bezala.


Posible al da guri gustatzen zaigun zaporeko elatua mundu guztiari gustatzea? Edo mundu guztiari gustatzen zaiolako da gure gustuko zaporea, gure gustuko zapore? Hori ere askotan gertatzen baita… Hori gertatzen da kirol munduan. Zergatik denek jokatzen dute pilotan edo futbolean, eta ez esgriman edo pertika jauzian? Zergatik ume guztiei makarroiak tomatearekin jatea gustatzen zaie eta ez porru patata purea? Zergatik arropa denda batzuk bete beteta egoten dira eta beste batzuk huts hutsak?
Jende askok onespen soziala behar du Asteasutik Villabonara joateko ere. Talde baten parte sentitu. Babestua sentitzeko ingurukoekin komunean dituen gauzak behar izaten ditu. Gustuko kirola ez bada, sudadera berdina. Eta sudadera berdina ez bada, zapore berdineko elatua. Izan tarrinan, edo kukurutxoan.


Garai batean jende guztia mezatara joaten zen moduan, gaur egun denak San Fermiñetara joaten dira. Edo korrika egitera, edo telebistaz futbol partidak ikusten dituzte. Ez gara ohartzen denok berdina egiteak gizarteari interesgarritasuna kentzen diola, egunerokotasuna monotonizatu egiten duela, ikuspuntuak murriztu eta pentsamoldeak soildu. Eta hori gutxi balitz, inork erosten ez duen arropa erostera ausartzen dena edo kirol desberdin bat egitera, epaitu eta baztertu egiten dugula, nahigabe batzuetan, apropos beste batzuetan.


Kirol desberdin bat egiten duena edo kirolik egiten ez duena, ustez bere adinarekin bat ez datozen jarduerak egitea gustuko duena, itxuraz besteen desberdina dena, edota gurea baino pentsamolde zabal eta originalago bat duena… Guk orain arte pentsatzen duguna zalantzan jartzera iritsi daiteke eta hobe bazterrera utzi, ez zaigu hori komeni eta.


Baina badugu garaia gizarte koloretsu eta anitz batean bizi gaitezen denen beharra dagoela ohartzeko. Desberdina berezi moduan ikusten hasteko, epaitu partez, hura baloratzen ikasteko. Guri falta zaiguna beragandik hartu eta geure burua osatzeko eta arrotz zaigunarekiko, beldurra ordez, interesa azaltzen hasteko. Horrela ez bada, elaturik goxoena probatu gabe gelditzeko arriskua baitaukagu.


Hurrengo batean, Donostiara joaten naizenean, kanelazko eta mentazko elatuak probatuko ditut.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!