“Hemen ere bai?” galdetu zidan aurreko asteazkenean herriko neska batek. Gure Esku Dago ekimenaren barruan antolatutako bilera bat zen. Bezperan, festa batzordeko bileran elkarrekin egonda geunden eta aurreko larunbatean, herrian etorkinentzat antolatutako festan mahaiak eta aulkiak jartzen egin genuen topo. Baina bilera eta ekitaldi horietan topatzen ez zaituztedanoi zuzenduko natzaizue gaur.
Haserre nago. Haserre zuekin. Haserre erantzukizunik hartzen ez duzuenokin. Haserre borondatea zer den ez dakizuenokin. Haserre dirua tarteko denean soilik lan egiteko prest zaudetenokin. Haserre interes eta onura pertsonalerako bakarrik mugitzen zaretenokin. Haserre. Oso haserre.
Ez dit balio “guk ez dakigu hori nola egiten den” edo “gu ez gara dagoenarekin kejatzen” esateak. Ez dit balio “guk laguntzen dugu eskatzen digutenean” edota “hori nahi duzuelako egiten duzue” esateak. Herri bat, hizkuntza bat, kultura bat, kirol bat… guztion ondasun dira. Guztiok daukagu haiek biziberritzeko eta indartzeko erantzukizuna. Haiek iraunarazteko eta hartu genituen bezala ondorengoei uzteko konpromisua. Horiek hobetzeko eta horiei garatzen laguntzeko erantzukizuna.
Hori da beldurra ematen dizuen hitza. Erantzukizuna. Belarri batetik sartzen eta bestetik ateratzen uzten diozuen hitza. Erantzukizuna. Zuen ardura bakarra kirola egitea, taberna bateko terrazan eseri eta zurito bat hartzea, soldatapeko lana egitea eta irabazitako dirua nola gastatuko duzuen pentsatzea dira. Hau da, zuen ongizate pertsonal eta indibidualari jaten ematea.
Ez zarete ordea ongizate kolektiboaz arduratzen. Ez zarete herriari, kulturari, hizkuntzari… putz egiteaz arduratzen. Hori guztia beste batzuen gain uzten duzue. Baina noski, ezertaz kejatzen ez zaretenez, ezin zaizue ezer esan. Ezin zaizue ezer esan ezer gaizki egiten ez duzuelako. Normala, egiten ez duenak, ez baitu gaizki egiteko arriskurik. Ez dakizue zer den militantzia, ez dakizue zer den zerbaiten alde borondatez borrokatzea. Eta hau entzutean mintzen bazara, zu ere horietako bat zaren seinale da.
Ez da normala herri honetan, presoen aldeko plataforman, euskararen aldeko elkarteetan eta kirol probetan epaile egiten jende berdina egotea. Ez da normala guraso elkartean, Udaletxean eta festa batzordean jende berdina egotea. Ez da normala Tolosaldeko Atariako zuzendaritzan eta gaztetxeko talde eragilean jende berdina egotea. Ez da normala. Eta hori zuen utzikeriaren errua da zati handi batean. Orain zuen betiko kontraerasoa etorriko da, “nahi duzuelako egiten duzue”. Nahi dugulako eta beharrezkoa delako. Zuegatik balitz, gure herria, gure hizkuntza eta gure kultura pikutara lijoakelako. Zuenak ere badiren herria, hizkuntza eta kultura. Nahiz eta zuekin zerikusirik ez balute bezala jokatzen duzuen askotan.
Sentitzen dudanari hitzak nik jarri dizkiodan arren, jende askoren izenean ari natzaizue guzti hau esaten. Duela berrogeita hamar urte ikastolak sortzen lana gogor eta borondatez egin zutenen izenean, festa batzordeak sortu eta bultzatzeaz arduratzen direnen izenean, Gure Esku Dago eta antzeko ekimenak borondatez eta interes kolektiboaren alde eginez sortu zituztenen izenean… guzti horien izenean hizketan ari natzaizue.
Zuen denborak urrea balio duela usteta zabiltzate baina jakizue besteonak ere hala balio duela. Besteok ere gure lagunak, familia eta konpromisuak dauzkagula. Gure zaletasunak eta afizioak. Baina batzuetan filosofia eta pentsamolde kolektibo batekin lan egiten dugu. Norbere zilborrari begira dagoen gizarte honek, ezer egin ezean datorkion etorkizun egoista eta indibidualista mixerable bat izan ez dezan.
“Denok egin behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena egin beharrik izan ez dezaten”. Denok eskaini behar genizkieke astean bi ordu interes kolektiboko ekimenei, gutxi batzuk astean hamar ordu eskaini beharrik izan ez diezaieten. Parekidetasun eske ari den herri honek, horretan ere parekidea eta orekatua izan behar baitu.