Sei bertsolariak Ekhi erremundegi gai-jartzailearen atzetik sartzen ikusi genituenean hasi ginen bertsolarien ordena kontatzen. Bat, bi, hiru, lau… Eta hor ikusi genuen Unai Mendizabal laugarren aulkian esertzeko prest. Puntuazioa eman ostean ere, postu berean amaitu zuen saioa zizurkildarrak.
Lehen ariketan (zortziko handian) bere burua kokatzeko zailtasunekin ikusi bagenuen ere, txikian umoretik ikusleari barrea eragitea lortu zuen. Azkenik, saioa aho-zapore onarekin amaitzeko moduko ganbarako lana egin zuen. Horrela zioen gaiak: «Harrapatu edo atzeman egin zenuen, baina momentuan ez zenion hainbesteko garrantzirik eman. Oraindik ere, buruan itzulika darabilzu». Semea droga arazoekin zuen aita baten paperetik kantatu zuen ideiak garbi edukiz. Publikoak txalo-zarta handi batekin eskertu zion Unairi ganbarakoan egindako lan itzela.
Nolanahi ere, Xabat Illarregi izan zen saioko irabazle, 676 punturekin. Eta, beraz, berak izango du urriaren 24an Larraun-Lekunberrin kantatzeko aukera. Saio osoan zehar sendotasuna erakutsi zuen leitzarrak. Bertsoak bizitasun handiz erantzunez eta ideiaz fresko zegoela erakutsi zuen.
Andoni Rekondo izan zen Illarregiren ondoren puntu gehien eskuratu zituena 660 punturekin. Lehen agurretik umoretsu abiatu zen hernaniarra eta zortziko handian indartsu hasi zuen saio puntuagarria Aitor Etxebarriazarragarekin batera. Sindikatu bereko bi laborariren paperetik kantatu behar izan zuten. Hartz polarren hazkundea dela eta neurriak hartzeko asmotan zen bizkaitarra eta gipuzkoarra, berriz, haiekin bizitzeko neurriak aztertzeko prest. Rekondok ideiak argi adierazi zituen berea defendatzerako orduan: baina kontrara pentsatu arren / gu gaude beren lurrean. Edo beti baitago irtenbide bat / eskopetaren aurretik. Saio puntuagarria bakarkako txukun batekin amaitzea lortu zuen, bere semea lagun bati iseka egiten harrapatu zuen aita baten paperetik.
Aitor Etxebarriazarragak, berriz, bere egunik onena izan ez bazuen ere, ale eder batzuk utzi zituen. Batez ere, zortziko handian eta hamarreko txikian. Onintza Enbeitak ere ez zuen zorterik onena izan. Bi poto eginik epaileek gogor zigortu baitzuten haren arratsaldeko jarduna.
Ekhiñe Zapiainen jardunak, berriz, behetik gorako eboluzio nabarmena izan zuen saioan zehar. Izan ere, hamarreko txikiko ariketan oso eroso ikusi genuen. Harreman toxiko batean dagoen pisukideari laguntzeko lanetan aritu zen bertan, Unai Mendizabalekin batera. Ganbarako lanean, berriz, ohikoa duen goxotasunez kantatu zuen minbizia duen eta eutanasia sinatzera doan adineko emakume baten paperetik. Bertsoaldiak publikoaren babes handia lortu zuen haren originaltasuna eta sorkuntza lan ederrari esker.