Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

Bertsozalea bero

Erabiltzailearen aurpegia June Aiestaran Iparragirre

Imanol Artola 'Felix' gai-jartzaile lanetan, Tolosako saioan.

Bat, bi, bat, bi, bat, bat, bi, bat, bi, bi... Goranzko pausoak kontatzen igo ditu bertsozaleak Usabalgo eskailera luzeak. Bostetarako hogei minuturen faltan, azken porrak, ebaki-zurrutaldiak eta komunera-bueltak egin ditu jendeak, eta pixkanaka betetzen eta betetzen joan dira kiroldegiko aulkiak. Bero zegoen bertsozalea; baita aldartez ere.

Eskuorriak, koadernoak, abanikoak..., parean tokatu zaizkionak erabili ditu kiroldegiko kristalpean kontzentratu den beroari aurre egiteko; eskumuturrei eragin eta eragin pasatu ditu saio aurreko minutuak. Eta, bat-batean, entzun egin da; entzun egin dugu, eta esku zartadetan atera zaigu eztarrian gora etorri zaigun irrika hori guztia. Sintonia zen.

Txalo zaparrada batekin hartu ditugu Imanol Artola Felix gai-jartzailea eta haren atzetik sartu diren Unai Mendiburu, Eli Pagola, Amaia Iturriotz, Oihana Bartra, Aitor Servier eta Julio Soto bertsolariak. Hastera zihoan, eta bertsozalea gosez sumatzen zen.

Umoretsu agurtu dute publikoa bertsolariek, tonu jostariarekin eta asmo garbiekin. Ariketa sendoa izan da lehendabizikoa: zortziko handikoa. Gaia lurrera ekarrita eta elkarrizketan osatu dute ariketa hiru bikoteek ere, baina Iturriotzena eta Bartrarena iritsi da gehien publikoarengana, haien seme nerabearekin gauaren arriskuaz hitz egin behar ote luketen hizpide hartuta; zorroztasun eta beldurretik hitz egin du batak, eta etsipenetik erantzun, besteak.

Zortziko txikietan, Soto eta Mendibururen ofizioa izan da plazaren berotasunean su txinpartak piztu dituen bakarra; gaia entzuteak berak eragin ditu zenbait bekain-altxatze eta barre-txiki. Unai Julio ligearen etxera joan, eta ohera sartzean, Juliok txakurra ohean sartu du. Horixe zen gaia, eta gaiaren tonu ironiko bezain barregarriari eutsi diote biek ala biek ariketa osoan zehar.

Erreferentziaz beteak eta azkarrak joan dira puntu-erantzunak: irristaldirik gabe eta ekarpenak eginez erantzun dituzte guztiek. Pagolarenak nabarmenduko nituzke: zorrotz erantzun die “streaming” plataformen inguruko puntuei, gaia euskaldunon errealitatea ekarriz eta kontraesanak azalduz. Eta, ohartzerako, saioko azken-aurrenengo ariketara bideratu gaitu Felixek: hamarreko txikira. Gai mamitsuak jarri dizkie bertsolariei, eta ale onak utzi ditu ariketa honek ere. Esaterako, koadrillara gutxi agertzen diren bi lagunen arteko elkarrizketa osatu dute Iturriotz eta Mendiburuk; hala planteatu dio zalantza Iturriotzek Mendibururi: bazkarietan zaude / ta urduri oso / beharbada zu ere / ez zaude eroso. Beste bi bikoteek suarekin jolastu dute ofizioetan zehar; metafora ugari oparitu dizkigute suarekin, eta halaxe geunden gu ere: sua kopetan eta eskuorria eskumuturrean.

Kantatu du, berriz ere, sintoniak, eta hartu du, berriz ere, ipurdi bakoitzak zegokion aulkia. “Duzun jakintza guztia transmititu diozu. Gaur, zure lekua hartu du”. Hala zioen ganbarako gaiak. Bide erabat

desberdina aukeratu du bertsolari bakoitzak, eta ederra izan da hori entzulearen belarrientzat. Iturriotz eta Sotorena izan dira bikainenak. Erretiroa hartzera doan medikuak praktiketan lau urtez ondoan izan duenari transmititu dion jakintza eta utzi dion lekua paregabe deskribatu du Iturriotzek hiru bertsotan, gaiari ezin hobeto erantzunez, bertso borobilekin. Sotok, ordea, baserri-lanetako jakintza osoa alabari transmititu dion aitaren papera hautatu du; honek ere, bertso deskriptiboak osatu ditu, errima oso dotorez eta eta tonu finez. Esango nuke laino goxo bat sortu duela bere bakarkakoak kiroldegiko kristalpean.

Saio puntuagarria amaituta, Julio Sotok irabazi du Tolosako saioa 683 punturekin, eta Miarritzen kantatuko du azaroaren 14an, Sustrai Colinarekin eta Oier Etxeberria Altsasuko irabazlearekin batera. Sotoren atzetik gelditu dira Amaia Iturriotz (651,5), Eli Pagola (639), Aitor Servier (638), Unai Mendiburu (633,5) eta Oihana Bartra (632,5).

Datorren asteko saioen zain geratuko gara, beraz, hurrengo fasera pasako diren bertsolarien izenak ezagutzeko. Bien bitartean, eskumuturreko minez pasatu beharko dugu astea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!