Hirugarren txapelketa du hau eta guztietan utzi digu doinu berri bana, baita Gipuzkoakoan ere duela bi urte (Benito Lertxundi, Erramun Martikorena, Ismael Serrano…). Amasarrak egiten duen ekarpena da hori ere, baina batez ere bere bertsokerari etekin gehiago ateratzeko egingo du. Eta gaurkoan asmatu du. Dotore osatutako hiru bertsoekin, egoki aukeratutako bidean amaitu du lan puntuagarria Donapaleuko saioan. Ez zuen ganbarako gaiak bide tragikoegia, potoloa, hautatzeko aukera uzten. Asmatutako pertsonajea norberak eraman behar zuen geltokira, ez joateko konbentzitzen saiatu, baina joaten utzi behar zuen… Oihanak gerralekura doan alaba kazetaria marraztu du. Aireportuan kostako zaiola eta geltokira eraman du, mundu krudel honetatik babestu nahi izan du eta hegorik moztu gabe utzi du eskutik urrun.
Hor sumatu dut nik ezagutzen dugun Oihana gertuen. Baino hasi gaitezen hasieratik, egia baita beste lanetan ere utzi duela arrastoa. Zortziko handia txukun eraman du, distira handirik gabe baino elkarrizketa osatu eta ideiak ekarriz. Zortziko txikian bai izan ditu ateraldi onak, Viñasprerekin autoa konpartituz kopilotoa leihotik bota duenekoa esterako, baina ez du borobildu hori ere. Puntu erantzunetan etxebizitza gaia tokatu zaio eta hain pil-pileko gaia izanda, hainbeste gauza esatekoa izan… eta ariketak ez du uzten burua salbatzea baino. Gainditu du, baina saio erdia baino gehiago pasa eta ez dugu ikusi betiko Oihana. Hamarreko txikian (poto egin ote duen mamuaren artean) hasi da buelta ematen. Donapaleun irabazle izan den Saioa Alkaizarekin osatu du abokatuaren papera. Eta aipatutako ganbarakoa etorri da gero saioa sentsazio hoberekin bukatzeko. Esan bezala Alkaiza iruindarra izan da puntu gehien bildu duena eta Oihana bigarren. Postu ederra, baina lortutako puntuak finalaurrekoetara sartzeko mugan, kolokan, jartzen dute amasarra. (Tolosako saioa jokatu da hau argitaratzerako eta lasaixeago ikusten da orain bere aukera).
Txapelketak hori du, bertsoei, mezuei… erreparatzeaz gain sailkapenera begiratzen dugula zeharka bada ere. Bi saio geratzen dira lehen fase hau amaitzeko eta ea Oihanaren doinu berria, bere ahotik, askotan entzuteko aukera dugun.