Lehen ariketa Nerea Elustondorekin osatu zuen, eta ez zitzaien arratsaldeko gairik errazena tokatu: Suhiltzaileen papera egokitu zitzaien; Nereak ikastaroak egiten ditu lan-orduz kanpo ere, Oihanak ez. Lan egin zuten bi bertsolariek, eta beste ofizioek baino luzimendu gutxiago izan arren, epaileek ikusi zuten bi bertsolariek egin behar izan zuten lana.
Zortziko txikian sueltoago aritu zen Rekondorekin: Kuadrillakoak zarete. Oihana, elkarrekin jatetxeren batean otordua egiten duzuen aldiro, Andonik kexa ugari izaten ditu. Gaur ere, otordua hasi orduko, protestan ari da. Amasarrak lehen bertsoan exijentea ez, mizkina dela esan dio Rekondori; eta bigarren bertsoa gainera harrabotsa/ dezunez sortua / beti deskontuakin/ heltzen da kontua amaitu zuen. Rekondok zorrotz erantzun zion arazoduna zu zeu/ zera dena-dela/ ziur pentsua ere/ jango zenukeela.
Hirugarren ariketan itxurakeria gai zuten puntuak jarri zizkion Iker Iriarte alegiarrak. Zer gara nahi duguna / edo nahi dutena zen lehen puntua, eta bertsolarien gaineko pantailari zehar-begiratua eginez pantailara begira/ hain da nabarmena/ sinetsi nahi genuke/ gu hori garena/ ta pantaila ez da inoiz/ ispilu gardena” borobildu zuen.
Oihana bera izan zen 10eko txikian bertsolaririk puntuatuena. Anerrekin batera noka bizi-bizian osatu zuen ofizioa. Gaiak honela zioen: Lagunak zarete. Tren-geltokian txartelarekin arazoak izan dituzue, eta segurtasuneko agenteengana joan zarete. Euskaraz egin diezue, eta segurtasuneko langileek esan dizuete gazteleraz hitz egin ezean ezingo dizuetela ezertan lagundu. Merezi luke bertso guztiak transkribatzeak, baina ezin. Lehen bertsoa euskaraz egin edo/ zerbitzua jaso amaitu zuen amasarrak; bigarrena pentsa ze boteretsu/ gainetik ze ahaltsu/ segurtasun honentzat/ gu gaitun mehatxu. Bertsoaldia hauek ikasterako/ euskararen punta/ AHTa ere/ iritsiko dun ta borobildu zuen.
Ganbarakora bigarren postuan iritsi zen, eta behin-behinean buruz burukoan zen. Ikerlari paperetik kantatzea tokatu zitzaion: Ikerlaria zara. Aurkeztu berri duzun ikerketak zeresan handia eman du. Lehen bertsoan Osakidetza aipatu arren, ez zegoen gaia guztiz garbi, baina ziurtasunez amaitu zuen: Emaitzak atera dira/ jendea ez dago lasai/ gaur arte ez zen begiratu/ edo ez zen begiratu nahi.
Bigarren bertsoan obstetrizia aipatuta, bagenekien haurdunaldiaz ari zela, eta bertso oso ona bikain bilakatu zuen doinuaren errepikapenari esker: pazienteak behar luke/ zer nahi duen erabaki/ bere baimena emanez/ ez duk bisturiz ebaki,/ ez guk bisturiz ebaki/ baizik berak erabaki.
Ariketa borobiltzeko, hirugarren bertsoan: jada kontra atera da/ lehenbiziko epaiketa/ nazio batuek ontzat/ eman dute salaketa/ ta ni adi-adi nago/ gehiago izan litezke ta.
637 puntu eskuratu zituen guztira, eta final oso ona osatu zuen; halere, puntu erdi batera geratu zitzaion buruz burukoa. Hurrengoan izango dun!