Azken finalaurrekoetan ohikoa den tentsioa nabaria izan da Uarkape pilotalekuko harmailetan. Urduritasuna airean nabaria bazen ere, ez da amasarraren sormen lana oztopatzeko lain izan. Zortziko txikian estuago ibili dela zirudien arren, lan txukuna egin du gainontzeko ariketetan eta saioa punturik gorenean amaitu du bakarkakoan lan ederra eginez. Saio honetan puntuazioz Illunberako txartela lortu duen bertsolaria Andoni Rekondo izan da. Ariketa guztietan erregulartasunez lan bikaina egin duen arren, puntukakoetan aritu da finen, bertsokideari erantzunez eta umorea erabiliz azti ibili baita Hernaniarra.
Bestetik, Maider Arregik txalotzeko moduko lana burutu badu ere, pena handiz finalaren atarian geratu da puntu baten faltan. Bakarkakoan Sexu bidezko gaixotasunen inguruan lan ikaragarria eginik eman dio bukaera bere aurtengo txapelketaren ibilbideari. Haatik, txapelketa osoan zehar oñatiarrak publikoarengandik jasotako gertutasun eta txalo zaparrada azpimarragarriak izan dira. Laugarren postuan, Agin Laburuk agurrean alabari onartu dio attak latza hartu din gaur makillakua. Puntuen joskeran abil aritu den arren, ez du bere mailarik onena erakutsi gaurkoan.
Eñaut Martikorenak ere puntu itzel ugari eskaini dizkigu saioan zehar. Bere ohiko azkartasunaz jendearen harridura pizteko gaitasuna erakutsi du gaur ere eta puntu eta hitz joko bikainak entzun ditzakegu bere bertsoen artean. Esaterako, bakarkakoan Lokatzen, jokatzen, kolokatzen, oztopatzen, Donbassen bezalako oin joko gozagarriak oparitu dizkigu gaurkoan Martikorenak. Eta gaurko honetan azken postua Iñigo Mantzizidor Mantxik eskuratu du. Puntuazio gutxien eskuratu duen bertsolaria izan den arren, umorea baliatuz publikoarengana gerturatzeko gaitasuna erakutsi du bai gaur eta baita txapelketa osoan zehar ere.
Orokorrean, aurreko finalaurrekoekin alderatuz, puntuazio baxuagoko saioa izan da eta bertsolarien artean ere ez da alde handirik egon. Parekotasun honek, amaieraraino emozioa mantentzea eragin du.
Hortaz, honako zortzi bertsolariez gozatzeko aukera izango dugu abenduaren 14an Illunben ospatuko den finalean: Saio bakoitzeko txapeldunak; Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin eta Oihana Iguaran. Puntuazioz sailkatuak, berriz; Ane Labaka, Nerea Elustondo, Eneritz Artetxe, Andoni Rekondo eta Aner Peritz.
Argi dago finala ez dela nolanahikoa izango. Udazkenean zortzi bertsolariek egin duten erakustaldiarekin, ez baita zalantza izpirik aulkia ongi merezita dutela Illunbeko oholtzan.