2.500 ikusletik gora izan dira jokatutako zazpi kanporaketetan. 42 bertsolarik kantatu dute, saio bakoitzeko onenak zuzenean sailkatu dira, zazpi, alegia; eta puntuazioz beste 17 sailkatu dira. 451,5 puntuk markatu dute muga, Jon Gurrutxagaren mesedetan, eta Mikel Iturriotzen kalterako. Lasarte-Oriako eta Azpeitiko saioetako bosna bertsolarik lortu dute hurrengo fasera igarotzea; Urretxuko, Lazkaoko, Elgoibarko eta Hondarribiko beste hirunak; eta Andoaingo bik.
Final zortzirenetan parte hartu duten bertsolarien batezbesteko adina 30,93 urtekoa izan da. Saioetako irabazleena, berriz, 28,71koa.
42 bertsolarietatik 13 izan dira emakumean, ia % 31; eta zazpi saioetatik bostetan emakumeak izan dira irabazle. Sei emakumek ez dute lortu hurrengo fasera igarotzea.
Bertsolariek bosna ariketa egin behar izan dituzte, bakoitzean hiruna bertso kantatuz. Sailkatu direnek eta ez direnek ariketa bakoitzean lortu dituzten puntuei erreparatuta, 10eko txikian egon da alderik handiena: sailkatuek bertsoko 6,4ko puntuazioa lortu dute; sailkatu ez direnek 5,75ekoa, 0,65 puntuko aldea, beraz. Alderik txikiena 8ko txikian, 0,21ekoa. Halere, puntu gehien lortu dituzten lehen 10ek gainerakoei ganbaran atera diete alderik handiena; eta bitxikeria, sailkapenean erdi parean geratu direnek kopletan saio kaxkarragoa egin dute azkena sailkatuek baino.
Eta eskualdeari dagokionez, zer?
Unai Mendizabal zizurkildarra izan da puntuazioz sailkatu direnen artean punturik gehien lortu dituena Asier Azpirozekin batera, eta bertsolari guztien puntuak aintzat hartuta, laugarren puntuaziorik altuena lortu du. Bejondeiola! 489,50 puntu lortu zituen Urretxuko saioan. Oso erregular aritu zen, seguru eta hanka sartzerik egin gabe. 10eko txikian 42 bertsolariak kontuan hartuta hirugarren puntuaziorik altuena lortu du, eta ariketa guztietan lehen 12 puntuatuena izan da.
Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarra ez da Unai Mendizabalengandik aparte izan postuetan; puntuazio bidez sailkatu da, bosgarren postuan; eta bertsolari guztiak kontuan hartuta 11. izan da. 471,50 puntu atera zituen Lazkaoko saioan. 8ko handian eta 10eko txikian aritu zen finen, bietan zazpigarren ariketarik puntuatuena izatea lortuz.
Beñat Iguaran amasarrak ez zuen sailkapena ziurtatuta Lazkaoko saioa amaitu berritan. 454,50 puntu poltsikoratuta, zain egon behar izan du, ez azken saiora arte, baina bai egun batzuk. Lau puntugatik sailkatu da, 454,5 punturekin, hamabosgarren postuan. Zortziko txikian eta kopletan eman zuen mailarik onena, zortzigarren eta 10. ariketarik puntuatuenak eginez.
Gauzak horrela, final zortzirenetan kantatu duten hirurak igaro dira final laurdenetara, eta Oihana Iguaran batuko zaie orain, 2019ko finalistetako bat. Beraz, txapelketaren aurkezpen egunean zeuden Tolosaldeko laurak laurdenetan.