BERTSOA

Lan istripuek oporrik ez

Erabiltzailearen aurpegia Harituz. Bixente Gorostidi 2024ko irailaren 6a

Doinua: Mutil koxkor bat itsu aurreko (bi aldiz).

Amezketarrak ajearekin 

ibili ondoren festetan,

langile bat hil zen papeleran

mantenimendu lanetan,

uztailean beste bat joan zen

ari zela belarretan,

bi urte ta erdin herrian hiru

galanta gero benetan,

urtero ziento erditik gora

Euskal Herriko lurretan…

Gogorra bada jaiki beharra

lan egiteko goizetan,

pentsa ze latza lantokira joan

eta ez etortzea bueltan…

Enpresek zenbat galduko dute?

Ta ze zuloa etxeetan!

Arreta gehio jarri dezagun

guztion lan baldintzetan,

uda izan arren ez daudelako

istripuak oporretan. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!