Jexux Mari Irazuk irabazi du III. Pello Errota sariketa

 Eñaut Martikorenak eskuratu ditu bigarren postua eta bertso onenari Mikaela Elizegi saria

70 bertsozale bildu ditu urriaren 20an Asteasuko Iturri-Ondon jokatu den III. Pello Errota sariketako finalak. Afalosteko saioan bizi aritu dira Iñaki Gurrutxaga, Unai Mendizabal, Eñaut Martikorena eta Jexux Mari Irazu. Azken biak sailkatu dira buruz burukora eta larrauldarra gailendu da. Martikorenak, hala ere, bertso onena saritzen duen Mikaela Elizegiren oroigarria eskuratu du bigarren postuaz gain.

Afaltiarrak otorduz ondo aseta, bertsotarako gosez agertu dira kafeen ostean eta finalera sailkatutako laukoteak gutiziak eskaintzeko ahaleginean sumatu dira. Nola erritmoz hala edukiz, zer esana eta nola esana landu dituzte puntuz puntu, entzuleen gozamenerako. Imanol Artola ‘Felix’ amezketarrak gidatu du saioa eta binaka hartu ditu lehen txandatan: zortziko handian kontu korronte partekatua egin edo ez erabaki behar izan dute Martikorena eta Gurrutxagak, eta Irazu eta Mendizabal herri txiki bateko bi familia-medikuk, egiteko dituzten oporrak hartu eta euren postua ordezkapen gabe utzi edo oporrei uko egin. Gaurkotasunak eskaintzen duen zehaztasuna eman diote biek, “hemengo birus ta katarroek/ ez dute oporrik hartzen” bota baitio Mendizabalek oporrik hartu ezina arrazoitzeko, eta larrauldarrak “nik Sagarduy-ri esango diot/ betetzeko nire txanda” erantzun dio; kritikarako ere baliatu dute aukera, itxaron zerrendak eta langile zein arretaren baldintzak salatuz.

Zortziko txikian Gurrutxaga eta Irazu, elkarte gastronomiko bateko bi bazkide, egunkaria nork hartuko aritu dira; Mendizabal eta Martikorena bi lagun izan dira, elkarren ondoan lo egin ostean eltxo-ziztaz josia esnatu da lehena eta batere gabe bigarrena. Zizurkildarrak “ote den gasolina/ edo Kokalola…/ zuk ze klasetakoa/ daukazu odola?” ekin dio, eta Martikorenak zuzen eta azkar erantzun dio: “Nahiko negatiboa/ zuzen erantzunik, zu izanda ez dute/ eltxok garizumik, gau osoan zurekin/ zupaka jardunik,/ azal koloreakin/ uxatzen ditut nik”. Bertso onena izan zitekeen beste ale bat, bertsozaleen gozagarri.

Puntu erantzunetan heldu da gaueko bertsorik onena eta gaurkotasuneko gaiak izan dituzte laurek kantagai: munduko gerrak, Madrilgo kongresua, euskararen aurkako oldarraldi judiziala eta grebak. Denek utzi dituzte nabarmentzeko aleak eta mezuak. Azpimarratzekoa Eñaut Martikorenaren bigarren puntu erantzuna, Mikaela Elizegi saria merezi izan baitu: Palestinako sarraskia aurrez aipaturik, bigarren puntuak hala zioen: “Erantzun desberdina/ nazioartean” eta Martikorenak: “Naziak dabiltz eta/ goiko aldartean/ herri xehea beti/ utzi apartean/ ta gu bapo afaltzen/ hemen bitartean”.

Seiko motzean ekin diote jarraian, alkoholismoaren inguruko albiste bat ilustratzeko argazkian tragoa eskuan ageri diren bi lagun izan dira Irazu eta Martikorena, eta Gurrutxaga eta Mendizabal sarean ile-inplanteen iragarkiak azaltzen zaizkien bi. Elkarrizketa biziak osatu dituzte neurriaren zailtasunik nabarmendu gabe eta are, luzituz: Mendizabalen azken bertso borobila, erakusgarri.

Bakarkako lana binaka ganbaran egin dute, lehen gaiak mugikorra hartu eta 15 dei galdu aurkitzea aipatu du eta bigarrenak kontu korronteko zenbaki gorriak. Goitik beherako istorioak osatu dituzte lau bertsolariek, helduleku desberdinak bilatuz gaiari. Gurrutxagak esaterako, langile prekarioaren ezin iritsia deskribatu digu eta Mendizabalek txanponaren beste aldea, baldintza onak dituen baina gastuak doitzen ez dituen langilearena.

Laster heldu da buruz bururako ebazpena, entzuleek txaloka ospatu dutena: Eñaut Martikorena hernaniarra eta Jexux Mari Irazu larrauldarra. Iparragirren osatu dute ofizioa hasteko, gaueko elkarrizketa bizi eta borobilena, akaso. Ikasteko aukerarik izan ez eta horren penaz dagoen aitona izan da Irazu, eta eskolara gogoz kontra doan biloba Martikorena. “Ume nintzala baserri-lanak/ izan nituen ikasgai” hasi da larrauldarra, alternatiba belar ontzea balitz eskolara pozik joango litzatekeela azalduz bilobari. Martikorenak eskolako giroa deskribatu dio: “(…)gure klasea ze tirania/ da bakarraren gobernu/ gure irakasleak/ dira buru nahasleak” hori probatu balu ez lukeelako berdina esango. Larrauldarrak orduan, “eseri, entzun ta lasai egon/ ez du hain zaila ematen” hasi dio hurrena, eta “irakasleai galde zaiozu/ zure ordez joan naitekeen” eskatu dio. Martikorenak: “ez hortan ere karratua da/ zerrenda itxia daka/ eta goizero izenak letuz/ ematen digu matraka/ hor sillan eserita/ zuretzat ze polita/ baina guretzat ataka/ ume garaian muitu behar da/ ez da behar taka-taka” sartu dio ziria. Aitonak inbidiaz “jolas garaian azalduko naiz/ bokadilloa hartuta” proposatu dio eta horri ere punta atera hernaniarrak “Jo, beste haurrek beti Billocao/ eta berriz kurasanak/ nik berriz jaten ditut afarin/ edo sobratu ziranak/ hainbeste inbidia/ badezu, in bidia/ ta hobetu harremanak/ hortxe dauzkazu nire motxilak/ ta egin etxekolanak”.

Amaiera gertu, hitza emanda hamarreko txiki bana kantatu dute: “giltza” hitzari Irazuk eta “leihoa” hitzari Martikorenak. Azkenik, puntukako saioa osatu dute bien artean eta gai batetik bestera ibili arren, kolpez piztu dituzte entzuleen algarak behin baino gehiagotan. Saio puntuagarria amaituta, berehala heldu da epaia: Jexux Mari Irazu txapeldun eta Eñaut Martikorena txapeldunorde eta baita bertso onenaren saridun ere. Pili Legarra Asteasuko alkate eta Elizegitarren oinordeak eman dio garaikurra Martikorenari, eta Beñat Zeberio asteasuar eta Harituzeko kidearen eskutik jaso du Irazuk txapela.

Harituzek hamargarren urteurrena ospatzen jarraituko du eta hurrengo hitzordua azaroaren 1ean izango da, 18:00etan Villabonako Gurea aretoan egingo den jaialdian: Sustrai Colina, Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Anjel Mari Peñagarikano ariko dira kantuan, Imanol Artola ‘Felix’ gai jartzaile dutela. Sarrerak 5 euroan eskura daitezke villabona.eus webgunean edo fisikoki, Villabonako Irualdeta tabernan edo Zizurkilgo Iriarte jatetxean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!