Urriaren 20an jokatuko da Pello Errota III. Bertsolari Sariketako finala, Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2023ko urriaren 15a

Bideoa prozesatzen ari gara. Itxaron pixka batean mesedez...

Iñaki Gurrutxaga, Jexux Mari Irazu, Unai Mendizabal eta Eñaut Martikorena ariko dira lehian, Iturri-Ondo jatetxean, afalostean.

Erabaki da Pello Errota III. Bertsolari Sariketako finala. Urriaren 20an Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean bi kanporaketetan lehen postuetan sailkatu ziren lau bertsolari ariko dira lehian: Iñaki Gurrutxaga oriotarra, Jexux Mari Irazu larrauldarra, Unai Mendizabal zizurkildarra eta Eñaut Martikorena hernaniarra. Eskualdeko bi ordezkari ariko dira kantuan, beraz, eta Imanol Artola ‘Felix’ amezketarrak gidatuko du saioa.

Pello Errota Sariketak duen berezitasunari eutsiz, bertso-afari formatuan egingo da finaleko saioa eta txartelak 25 euroren truke eskura daitezke Asteasuko Iturri-Ondo bertan edo Bizum bidez (679628914). 20:30ean hasiko da afaria, eta afalostean mahai-bueltako giroan ospatuko da finala.

Lau bertsolariek finalean egin beharreko ariketak honakoak izango dira: zortziko handian ofizio bana, zortziko txikian ofizio bana, hiruna puntu erantzun, seiko motzean ofizio bana eta ganbarakoan hiruna bertso bakarka. Lehen ekinaldian puntu gehien bildutako bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute, iparragirre doinuan ofizio bat osatuz, emandako hitzari hamarreko txiki bana kantatuz eta puntuka launa bertso osatu arte. Puntu gehien bildu dituenak eramango du III. Pello Errota Bertsolari Sariketako txapela, eta bertso onenak Mikaela Elizegi saria eskuratuko du.

Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak antolatutako sariketak bertso afari formatua berreskuratu ahal izan du aurten, II. Edizioan pandemiaren ondorioengatik aldaketak egin ostean. Ikaztegietako, Berrobiko eta Asteasuko Udalak izan dira laguntzaile III. edizioa posible izan dadin. Gurrutxagak eta Mendizabalek Berrobin egin zen afalostekoan eskuratu zituzten finalerako txartelak, eta Irazuk eta Martikorenak berriz, Ikaztegietakoan. Hamabi bertsolarik hartu dute parte III. edizioan guztira eta urriaren 20an erabakiko da txapeldun berria.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!