Gehigarria: IX. Pello Mari OtaƱo bertso-paper lehiaketa

Hamar urtez hamaika bertso

Erabiltzailearen aurpegia Harituz - Tolosaldeko Bertsozale Elkargunea 2023ko uztailaren 23a

10 urtez hamaika bertso kantatu, entzun, kantarazi, grabatu, dokumentatu, irakatsi, ikasi eta sortu ditugu, eta hamargarren urte hau ez da ezberdina izango.

Irailetik aurrera ere bertsoaren transmisioan jarraituko dugu bertso-eskolen bidez; bertso-saioak ere antolatuko eta sustatuko ditugu, hala nola, Pello Errota bertso-sariketa antolatuko dugu iraila eta urri bitartean, (H)arituz bertso-jaialdia izango da azaroan, eta Gure Bertso Zirkua abenduan; bertso-saioak grabatzen eta dokumentatzen jarraitzen dugu, eta emititzen, azaroan 300 programa beteko baititu (H)ari Naizela irratsaioak; eta Tolosaldeko bertsolarien ikerketa lerroa ere martxan jarri dugu, lehengoen berri izan dezagun oraingook eta gerokoek ere.

10 urtez hamaika ilusio sortarazi ditugu, eta sortzen jarraitu nahi dugu. Hitzaren harian aritzen jarraituz; hitzekin, hotsekin, erritmoarekin eta esanahiekin jolastuz; bertan eta bertatik eraginez; lehengoengandik jasotakoa ondorengoei eskainiz.

Jo ezazue txalo, bota puntua, jarri iezaguzue gaia, jarraitu bertsoa, ez isildu eta hartu parte. Animatu eta gerturatu zaitezte, bertsozaleok ematen diozue-eta honi guztiari zentzua; izan aulkian eserita, izan antolakuntzan. Ateak eta mikrofonoa zabalik.

10 urtez hamaika bertso, eta etorriko direnak!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!