Postreak aurreko plateren mailan egon beharra dauka eta epel geratu ginen goizeko saioaren ostean. Ale ederrak bai, espektatiba altuak genituen bertsojale mokofinenok gehixeago nahi beti ordea.
Otordu ostea da bertsoaren espazio-denbora naturala. Gehiago asmatu zuten bertsolariek eta beste aldarte bat zegoen entzuleen artean.
Orokorrean Ibarzabal eta Colina izan ziren finalaren aurreko saioetatik bajuxeago ibili zirenak. Nereak bakarkakoetan liluratu gintuen eta Colina berriz, egin nahi zuen horretara iritsi zen uneka, baina orokorrean ez genituen Iruñera arteko bidean bezain eroso eta fresko ikusi. Illarregik, inork zalantzarik bazuen, bere izena finaleko kartelean egon izana justifikatzeko argumentuak eman zituen. Gaztelumendi bere ohiko bertsokera ziurrarekin jardun zen, aurreko Txapelketa Nagusian baino gehiago nabarmenduz. Martinek gozatzen ari zela transmititu zuen une oro, puntu bakoitza aurpegi eta gorputz jarrera zein kantakeraz lagunduta goxatuz publikora iritsi zen. Eta zer esan Mendiluzez? buruz-burukoaren atean geratu zen irurarra, ohiko bertsolari bizkor eta zuzenaz gain, goizeko bakarkako eta amaierako agurrean inoizko Aitorrik samurrena ikusi genuen.
Buruz-burukorako izenak jakitean Arenan olatuak, baina bi aurpegietan baretasuna. Faborito izatearen zama «puuuf!» banatan askatu zuten bi presio eltze bailiran. Handik aurrera etorri zen pastelaren ginda, Txapelketa Nagusiko aurtengo irudiaren gisan, gorri eta gozo.
Edozein herritako jaietako saioan bezala aritu ziren. Iparragirre eta zortziko txikian umorez eta jostalari, pertsonaiak pertsonara ekarriz eta elkar ezin hobeto ezagutzen duten bi lagun minen arteko gertutasun antzeztu gabean. Oreka, bederatzikoa osatzeko, eta gainerako bakarkako lanen ezaugarri. Erdiz erdi asmatu zuten biek Ez dago B planik gaiari erantzunez. Ur handitan sartu ziren biak, baina bai ederki igeri egin ere! Maialenek han geunden bakoitzari belarritik tiradizo bana eman zigun, guk txaloz erantzun.
Aho zapore gozoa amaieran. Ederra izan da bidea, amaierako ginda eta guzti.