Kronika

Puntara iritsi eta bertan geratu

Argazkia: Bertsozale elkartea

Maialen Lujanbiok hirugarrenez irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia, Amets Arzallusekin buruz burukoa jokatu ostean; Aitor Mendiluze hirugarren  sailkatu da, baina bi puntugatik besterik ez da geratu buruz burukotik kanpo.

Igandean izan zen 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala. 13.300 bertsozale bildu ziren Nafarroa Arenan. Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina aritu ziren kantuan, Jon Zaldua eta Alaitz Rekondo aurkezleen gidaritzapean.

Bertsozaleen irrika, bertsolarien ahalegina, gai-jartzaile eta epaileen asmo ona, emozioa… behar-beharrezko guztia zeukan finalak borobila izan zedin, baina, orokorrean, zerbait falta izan zitzaion. Epel joan zen goizeko saioa. Luze ere bai, zenbaitentzat. Arratsaldean, hasieratik sumatu zen bestelako aldartea bertsolari zein bertsozaleengan, eta saioak berora egin zuen. Lehertu, ordea, buruz burukoan lehertu zen. Ez ziren gutxiagorako izan Arzallus eta Lujanbiok ondutako bertsoaldiak; opari bat Eguberri bezperetan.

Hirugarrenez neurtu zituzten indarrak bi bertsolariek, 2009an eta 2013an ere biak iritsi baitziren buruz burukora. Publikoak segurutzat jotzen zuen Lujanbioren sailkapena. Beste bertsolaria nor izango zen, ordea, buru adina aburu; Mendiluze, Arzallus, Martin eta Colinaren artean egongo omen zen lehia, eta hala izan zen: lau bertsolariak 15,5 puntu eskasek bereizten zituzten hogeita bosna bertso puntuagarri abestu ostean. Eskukada bat puntuk. Ezerezak, ia. Baina puntu horiek erabaki zuten nork jarrai zezakeen puntarako bidean.
Maialen Lujanbio izan zen, ordea, puntaren puntara iritsi zen bertsolaria. Edo bertan geratu dena, hobeto esanda; izan ere, 2017tik bera da Euskal Herriko Bertsolari txapelduna. Hernaniarrak hirugarrenez jantzi du txapela, eta azken bi hamarkadetako bertsolaririk onena dela berretsi du Iruñeako lorpenarekin. Manuel Uztapideren hiru txapelak berdindu ditu dagoeneko eta Andoni Egaña soilik dago bere gainetik txapela beltzen rankingean, laurekin.

Goizeko saioa

Historian lehen aldiz, hiru emakume bertsolarik lortu dute Txapelketa Nagusiko finalera sailkatzea, eta horrek oholtza gaineko estanpa ez ezik, oholtzapekoa ere aldatu du. Zorionez. Hasierako agurretan izan zen zortzikote inoiz baino parekideagoari erreferentzia egin zioten bertsolariek eta haien ostean hasi zuten hogeita bosna bertsoko saio puntuagarria.

Zozketak hala erabakita, gainera, Alaia Martin eta Lujanbiok elkarrekin ekin zioten saioari zortziko handian, eta haiena izan zen ofiziorik onena. Lujanbiok lehen bertsoalditik hasita erakutsi zuen egun osoan zehar egindako bertsokera kritiko, zorrotz eta ironikoa. 
Berak parte hartutako ofizioak izan ziren goizean entzundako borobilenak: Martinekin osatutako zortziko nagusiaz gain, zortziko txiki bikaina osatu zuen Gaztelumendirekin. Jatetxera joan eta janariei argazkiak atera eta atera ari zen Gaztelumendi lagunarekin gogaitu izanak eman zion umorerako bidea. Goizeko bertsoaldirik onena, ordea, seiko motzean Sustrai Colinak eta biek ondu zutena izan zen. Agintari politikoekin desados zeuden ospitaleko bi zerbitzu bururen larrutik aritu ziren.

Bakarkako lanean, baina, ez zuen bete-betean asmatu hernaniarrak. Edukiz betetako erantzunak eman zizkien gai jartzaileak Eguberri argien inguruan jarritako puntuei, baina distira falta izan zitzaien. Ganbarako lanean ere antzeko zerbait gertatu zitzaion, Irribarre konplizea egin diozue elkarri gaiaren aurrean.

Mendiluzek, berriz, ezin hobeto erantzun zituen aurkezleak musika taldeen itzuleraz jarritako hiru puntuak. Ariketa horretan puntu gehien lortu zituen bertsolaria izan zen. Ganbarako lanean berak ere bete-betean asmatu ez zuen arren, sekulako maila erakutsi zuen goizeko hiru ofizioetan: arrazoiketan sendo, kantaeraz atsegin eta puntuen joskintzan maisuki aritu zen. Azpimarratzekoa izan zen seiko motzean Illarregirekin egindako bertsoaldia, banatzeko nahia zuela bere semeari aitortu berri zion amaren paperetik.

Arratsaldeko saioa

Hamarreko txikiko ariketarekin hasi zen arratsaldeko saioa. Colinak eta Arzallusek aita semeen paperetik egindakoa izan zen ariketa horretako distiratsuena. Colina aitari eskolako emaitza kaxkarrak eman berri zizkion Arzallus semeak, lehen aldiz. Bertsoaldi bizia osatu zuten Iparraldeko bi bertsolariek, Arzallusek egun osoan izandako bertsokera jolastiaren adibide ezin hobea dena.

Puntutako saioak, berriz, ez ziren punta-puntakoak izan. Ederrenak Martin eta Ibarzabalek furgofarra bateko langileen azaletik egina eta Mendiluze eta Lujanbiorena izan ziren. Azken horiek bi begirale arduragaberen papera hartu zuten bertsoaldia osatzeko.

Bakarkako ariketan bertsolari guztiek egin zuten lan aipagarria. Ibarzabalek, esaterako, osabak tratu txarrak emandako neskato baten azaletik egindako bertsoaldia bikaina izan zen. Bigarren bertsoaren amaiera hotzikara eragiterainoko bikaina. Mendiluzek, berriz, sekulako saioa egin zuen helduleku erosorik ez zeukan zezenketen gaiaren inguruan. Hala ere, Lujanbiok beste guztiak itzalean utzi zituen bertsoaldia ondu zuen. Zortzi orduz besteren etxeak garbitzen lan egin ostean bere etxera iritsi zen emakumearen azaletik aritu zen kantuan. Egun 
osoko bertsoaldirik onena izan zen.

Buruz burukoa

Arzallusek eta Lujanbiok jokatu zuten buruz burukoa. Hamarna bertso abestu zituzten azken fasean, zein baino zein hobeak. Hasiera-hasieratik sumatu zen bi bertsolariek elkarrekiko daukaten konfiantza eta konplizitatea, eta elkarri adarra joz lortu zuten saioa lehertzea. Nafarroa Arena Karidadeko Benta bilakatu zuten tarte batez. Ez dute bertsozaleek berehalakoan ahaztuko.

Ganbarako lanean, Oreka hitza abiapuntutzat hartuta abestu behar izan zuten bederatzi puntuko bertso bana, eta bakarka hiruna bertso kanta zitzaten, berriz, honakoa izan zuten gaia: Ez dago B planik. Bertsoaldi paregabeak osatu zituzten biek saio puntuagarriari amaiera emateko; Arzallusek mutila zela esan berri zion alabak eragindako ezinegona hartu zuen helduleku moduan, eta Lujanbiok gizarteak daraman norabide indibidualista. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!