Hamar bertso puntuagarri abestu behar izan dituzte bertsolariek arratsaldeko saioan. Goizeko saioari falta izan zaion giro bizia arratsaldekoan izango zen itxaropenez sartu dira aretora bertsolari zein bertsozaleak, eta ohi den moduan, hala izan da: saioa ariketaz ariketa berotuz joan da, buruz burukoan lehertu den arte.
Lehen agurretik nabaritu da bertsolarien irrika eta egin nahia: Mendiluzeren agurra horren adibide: heldu elkarri eskutik eta goazen gora / epaimahaikoek esan dezatela nora. / Geratzen den zatia latza izango da.
Hamarreko txikia
Mendiluze eta Martin hasi dira. Gazte garaiko lagunen bazkari bat antolatu du Mendiluzek eta Martin gonbidatu du bertara. Horrek, ordea, pandemiaz geroztik jende askorekin elkartzeari beldurra diola aitortu dio.
Mendiluzek Martinengan zabaldutako informazioaren eta legeen sinesgarritasuna zalantzan jarriz eta Alaiari errukiz begiratuz hasi du bertsoaldia: taldera elkartzeko beldurrez zaude zu / sentitzen det sinistu baldin badiezu. Alaiak, egoera hainbeste aldatu ez dela eta oraindik beldurrez jarraitzen duela erantzun dio. Mendiluzek, orduan: ta, agian, pentsatu beharko zenuke / datu txerto notizi ta beldurren truke / bizia ez, bizitza lapurtu dizute.
Alaiak ere ederki erantzun dio bertsoz bertso, ofizioa modu dotorean itxi duen arte: zuen bazkari hori ongi irtengo da / ni enaiz aterako burbuilaz kanpora / utzidazu arnasten nire erritmora.
Biztanleak galtzen ari den herri bereko herritarrak izan dira Nerea eta Maialen: Nerea 80 urteko heldua, eta 20 urteko gaztea, Maialen. Itzaltzuko herrian kokatu dute ofizioa eta handik Iruñeara alde egiteko aukeraz eta beharraz aritu dira biak elkarrizketa ederra osatuz. Herri txikien etorkizunaz hausnarketa interesgarriak plazaratu dituzte.
Sustrai eta Amets aita-semeen paperean aritu dira. Amets semeak orain arte eskolako emaitza onak ekarri izan ditu etxera. Gaur, lehen aldiz nota kaxkarrekin itzuli da etxera. Saio alai eta bizia egin dute bien ala biek, umore kutsuz bustia: nahiz gaur arte amaren karrilean sartu / orain aitaren antzik etzazula hartu (bis).
Ametsek ezin hobeto jakinarazi dio zein izan den bere eskolako emaitza txarren arrazoia, bertso borobil batekin:
Ene aita guztiak
garenez pertsonak
lehen maitasun harreman
eta lehen hormonak
ezagutzen ari naiz
horren zorionak
ze inporta du euskarak
ta zientzien dogmak
beste gauza batzutan
dauzkat nota onak.
Gai berari segika: orain hasten da zure sexu heziketa / hau da gainditu behar den ebaluaketa. Ametsek bikain erantzun dio, harreman heterosexual nahiz homsexualak probatu dituela aditzera emanez: genero guztiekin egin dut aproba / horretantxe pasatu behar dut denbora / eskola gero ere hortxe egongo da.
Sustraik, berriz, emaitzen arazoari heldu eta konponbidea topatzeko gonbitea egin dio semeari, baina Ametsek egoera irauli du bertso eder batekin ofizioa itxiz: zure bideei segi aita, ni enaiz hasten / ahalegindu zaitez zu nigandik ikasten.
Joanesek eta Beñatek, okindegi batean aritu behar izan dute kantuan. Joanes bezeroak gazteleraz eskatu dio, baina Beñat langileak euskaraz erantzun dio. Gaia ezin hobeto zabaldu du Joanesek, Beñaten azal beltzaranak euskaraz ez zuela jakingo iradoki diola esanez. Elkarrizketa bizi eta erreala osatu dute, eta ezin hobeto amaitu dute ofizioa, gainera. Honela kantatu dio Joanesek bere azken bertsoa: baina nola euskaraz didazun xuxurla / uste dut bihar ere izango nauzula. Beñatek ezin hobeto itxi du ofizioa: euskaraldi garaian txapa eta biba! / Baina lehenengo hitza gazteleraz tira / gure eguneroko ogia hori da.
Puntuka
Alaia Martin eta Nerea Ibartzabal: Bestaz besta janari azkarra saltzen duten furgoneta bat daukate. Iruñeako Alde Zaharrean jarri dira gaur eta jendea hurbiltzen ari zaie. Saio bizi eta borobila egin dute finalaren osteko parranda irudikatuz; bertsolariak banan bana aipatu dituzte eta bertsozaleek erraz identifikatu dituzten erreferentziekin publikoaren txalo zaparrada lortu dute.
Maialen eta Aitor: Begiraleak dira eta umeekin irteera bat egin dute. Kafea hartzeko hartutako tartearen ondoren, parkea itxita dago eta ez da umerik ageri. Begirale errebeldeen papera hartu dute biek, umeei zein gurasoei kritika eginaz euren buruari bainoago. Mendiluzek bere-berea duen abilezia erakutsi du ariketa horretan, puntuei ezin hobeto segida emanez eta bertsoaldia garatuz.
Amets eta Beñat: Aireportu bateko eskanerrean egiten dute lan. Gaur ere harrituta daude ikusten ari direnarekin. Euskaldun kuadrilla bat izan da aireportuan agertu zaiena; saio bizia osatu dute, baina ez dute borobiltzea lortu.
Sustrai eta Joanes lan bertikalak egiten dituen enpresa bateko langileak dira. Bilboko Iberdrola dorreko leihoak garbitzen ari dira. Ez dute lortu ez batak ez besteak, gaian umorerako bidea topatu eta saioa borobiltzea.
Gaia emanda
Alaia Martin Gobernuz kanpoko erakunde batekin Gazara joan da, bertako umeekin lan egitera. Gazako umeen egoera kaxkarra ezin hobeto iradoki du. Gazako gerrateen larritasuna azpimarratu du, tartean, Ukrainakoari erreferentzia eginez ere. Azken bertsoa barrura begira kantatu du, esperientziak beragan izango duen pisua iradokiz: Ta bueltakoan ez naiz / berdina izango.
Nerearen txanda izan da ondoren. “Urte luzez isilik geratu ondotik, txikitan familiako kide batek egindakoa kontatzea erabaki duzu", zioen gaiak. Bertsozaleak hunkitu eta egonezinik sentitu dituen bertsoaldia egin du Ibarzabalek, bere osabak tratu txarrak ematen zizkiola iradokiz. Hona hemen bigarren bertsoa osorik:
Ta beharbada hau izango da
kontatzeko momentua
ez dakit nondik bilduko dudan
hortarako talentua.
Erdizka nahi dut aitortza eta
beste erdia, mendekua.
Behingoz famili hontan
hartzeko bere lekua.
Eta nolabait hauts bihurtzeko
nigan dudan zementua
oroitzen baitut bere hitz hori
bere ahots diskretua.
“Egon isilik hau izango da
gure arteko sekretua!”
Colinaren bakarkakoaren gaia honakoa izan da: pertsona ospetsua zinenean, jende ugari izan zenuen inguruan. Orain, ordea, bakarrik zaude. Osasunako atezain ohi baten larrutik kantatu ditu Colinak hiru bertsoak. Futboleko erreferentziak ezin hobeto erabiltzeaz gain, bertsozaleak bere bizitza bakartiaren istorioan barrena bidaia zezaten lortu du urruñarrak.
“Egun osoa besteen etxeak garbitzen aritu ondotik zure etxera ailegatu berri zara.” Hori izan da Maialen Lujanbiok arratsaldeko bertsoaldi onena josteko eman dioten abiapuntua. Hona hemen bere hiru bertsoak, osorik:
Lan bat finkorik ez daukat eta
ordea, hiru lan orde.
orduka egin eta indarrak
hurrengorako’re gorde.
nere jabeen etxeak dira
mila klase ta kolore
diz-dizka hantxe ipintzen ditut
euren zilar eta kobre.
Ezkertiarrak, aurrerakoiak
ta zenbat bikote progre
neri ordaintzat ematen dabiltz
beltzean pare bat sobre.
Ni nere lanaz harro banago,
baina harro bezain pobre.
Gazteak eta emakumeak
ohi dituzte aukeratzen
ongi izatea hola joan zaigu
atzeratzen, atzeratzen…
Ze garbiketa beste lanekin
ez baitute alderatzen
eta guretzat kontratu batik
ere ez dute eratzen.
Lan jardunetik zortzi t’erditan
gauean naiz ateratzen,
errekaduak egin ta gero
nere etxea zeratzen…
Eskubideak borrokatzeko
astirik ez zait geratzen.
Goizean goizik nere umeen
motxilatxoen karraio,
haiek utzi ta autobusa hartu
eta patxadari “aio!”.
Autobusean nere gisako
zenbait kide ta tokaio,
auzo aberatsak gu denentzako
zerbait izaten darraio.
Lan bat hobea, diru gehiago,
ai izango banu, nahio,
baina garbitzen, erratz pasatzen,
hauts kentzen hor nabil iaio.
Gizarte zikin honi itxura
honela txukuntzen zaio.
Beñat Gaztelumendik honako gaiari erantzun behar izan dio: “Etxea txukuntzen ari zarela, zure nerabezaroko egunerokoa aurkitu duzu”. Ezin hobeto egin du bere gelaren deskribapena, objektuak progresiboki atereaz: gatazka, zaletasun eta pentsamendu zaharrak plazaratu ditu modu ezin errealagoan, lehengo Beñat eta gaurkoa elkarrizketan jarriz. “bai aldatu gara garden, / ta eskerrak aldatu garen.” Azken bertsoan, gaur egungo Beñaten alde zalantzatia azaldu du añorgarrak, baina iraganari eta etorkizunari erreferentzia bat eginez amaitu du saioa: baina halere jakin nahi nuke /egunez egun urterik urte /lehen nor nintzen menturan / eta nor izan nahi dudan.
Amets Arzallusi aita izan nahi ez duen baten paperetik kantatzea egokitu zaio. Ondorioz, bere bikote harremanak amaitu direla zioen gaiak. Gizartearen presioaren aurrean berak hartutako erabakia sendo argudiatu du lehen bertsoan, eta, bigarrenean, amaren figurari eman dio lehentasuna. Hirugarren bertsoa, ordea, ez du behar bezala jostea lortu, eta nahasmena eragin du publikoan.
Joanes Illarregik futbol epaile lana utzi berri duen baten azaletik kantatu du. Futbolzaleen zurruntasunaren eta presioaren aurrean ezer egin ezin izanak erabaki hori hartzera bultzatu duela azaldu du Illarregik. Bertsoaldiaren amaieran, berak publiko moduan zer ez duen egingo argi duela esan du, eta publikoak gogor txalotu du Illarregiren bertsoa.
Aitor Mendiluze izan da buruz burukoaren aurreko azken bakarkakoa abestu duena. Honako gaia jarri diote: “Urtero lagunekin zure hirian egiten diren zezenketak ikustera joaten zara; gaur, lehenengoz, ez zara plazara agertu.” Iruñean, uztailaren 7an kokatu du bere bertsoaldia, eta bere kanpo itxuraren eta izatearen arteko borroka eta bereizketan oinarritu du ez joatearen erabakia. Halaxe amaitu du bigarren bertsoa: Nere lagunek esango dute “hi haiz hi tipo biguna” / baina ez nago jasateko prest ta ez naiz ni erruduna / itxurengatik gordetzen dugu barruan daramaguna.
Azken bertsoa izan da, hala ere, txalotuena. Hona hemen, osorik:
Denbora tarte oso luzean
aritu naiz ni zuen klasean
denbora lasai ezin pasean
nere begiak itxi ezean.
Baina pausorik ez det eman gaur
zuek plazara deitzean
ta enaiz berriz hara sartuko
zuek zoazten antzean.
Baina hori bai; berriz San Fermin
eguna ailegatzean
plaza kanpoan zain egongo naiz
pankarta baten atzean.
Buruz burukoa:
Amets Arzallus Antia eta Maialen Lujanbio Zugasti izan dira buruz burukoa jokatu duten bi bertsolariak. 2009 eta 2013ko Txapelketa Nagusietako buruz burukoa errepikatu da, beraz. Bertsozale guztien ahotan zebilen Maialenen izena, ez ordea, Ametsena. Hala ere, poza nabaritu da bertsozaleengan, eta baita bertsolariengan ere. Plazaz plaza dabiltzan bi erreferente nagusien beste hamarna bertso entzuteko aukera izan du publikoak, eta hori izan da Nafarroa Arenak goia jo duen eguneko tartea.
Iparragirre abila dela doinuan eman diote hasiera buruz burukoari. Neurrigabeko lotsa gainditu nahian, terapiara joan eta bertan topo egin duten bi pertsona izan dira Arzallus eta Lujanbio. Arzallusek berrogei urte dituela aipatu du lehen bertsoan eta honela azaleratu du arazoaren muina: maitasun harremanak / sortzen dizkidan zamak /beti mutu naiz geratzen / ezpainetatik musu bat beste gauzik ez zait ateratzen.
Maialenek ezin hobeto baliatu du musuaren erreferentzia eta erantzun borobila eman dio: ta aipatu du musua / lehenengotikan sua / pentsatu ze danbateko / ba aizu bastante ausarta zara lotsatia izateko!. Ametsek bere lotsen desorekari bota dio ausardia horren errua, eta, hurrengo bertsoan, bere lotsei kantari hasi da Maialen: zure antiejutan nere isladak / ere lotsa ematen dit! Betaurrekoen erreferentziari tiraka, honela erantzun dio Arzallusek: gehiago kosta behar zaizu kentzen / zure begitarte beltza. Lujanbiok ezin hobeto itxi du bertsoaldia azken bertsoaren amaieran: Lehen eguna izateko ja, / nahikoa hitz egin dugu.
Zortziko txikiko gaia, berriz, honakoa izan dute: Maialen, zuri buruzko pelikula biografikoa egingo dute, Ametsek jokatuko du zure rola.
Kortxo puntari eman metxeroakin su / betartea pixka bat belztu beharko duzu. Kantatuz hasi du Lujanbiok bertsoaldia, aurreko bertsoaldiko erreferentzia ezin egokiago ekarriz. Ametsek, orduan, Maialenek bere-berezkoa duen Erre esateko moduari egin dio keinu: errea egiteko zure antzekoa / nahita hautatu naute ipagaldekoa.
Maialenek, berriro ere itxura fisikoari tira egin dio, Nafarroa Arena lehertu duen bertsoa abestuz:
Bastante ona zara
Errean kopian
nere kolorerik ez
dezu bekokian
burua nola jarri
pinta egokian
ilea dugu juxtu
kontrako tokian.
Norbaitek peluka egin beharko diola erantzun dio Ametsek orduan, eta Maialenek Amets Arzallusen papera nork egingo duen galdetuz bide berri bat zabaldu du ariketan. Ametsek bere azken bertsoan, lehendik burusoil dagoen norbaitek edo bidean doan norbaitek egin dezakeela esanez amaitu du eguneko ofizio beroena.
Ganbarakoaren tartea iritsi da ondoren. Hitz bati bederatziko txikian eta bakarkako gai bati hiruna bertso abestu behar izan dizkiote bi bertsolariek. Oreka izan da hitza. Amets Arzallusek hizkuntzen diglosiari egin dio erreferentzia, eta euskara eta gaztelaniaren arteko oreka falta salatu du.
Hizkuntzetan badira
hemen zenbait talde
ta batetik bestera
pentsa ze alde
diglosiaz egingo
bagenuke galde
erdera ta euskara
noizko parez pare?
Gu beti herabe
mutu eta grabe
sarri hitzik gabe
ta besteak jabe
Orekatikan oso
urruti gaude.
Bakarkako gaia, berriz, honakoa izan da: Ez dago B planik. Honela ondu ditu Amets Arzallusek hiru bertsoak:
Behin alabak esan zidan
ikimiliklik
Aita ni mutiko bat naiz
eta ni isilik
ez zen mugitu ezpainik,
eulirik, aulkirik
ia bi ordu pasatu nituen geldirik.
Geroztik ez da izutzen
ez nauen zubirik
ederra dela dionak
ez dio egirik
erreza dela dionak
ez dauka begirik.
Normalaren esanahiak
gauzka beste puntan
zorionaren planaren
bilaketa huntan.
Alaba bat zen seme bat
baikenuen ukan
edo alderantziz, hitzekin
hor gabiltz burrukan
zertan ukatu malkotan
urtzen naiz batzutan?
gero gaizki sentitzeko
neronen putzutan
negarraren iturria
nork dauka eskutan?
Duda argitzeko berri
hitzak zirri zarra
“Ez aita ez da B planik
hautsi lege zaharra”
Zer da neska, zer mutila
zer eme zer arra?
nork demontrek ekarri du
zehaztu beharra?
Gurasoa ohi da haurren
lehen hezkuntz adarra
baina guk hegoaldean
daukagu iparra.
Harengandik ikastea
da bide bakarra.
Maialen Lujanbioren txanda izan da ondoren. Honako bertsoa abestu du hernaniarrak oreka hitza emanda:
Desorekatik bada
hamaika genero
prensan ikusten dugu
hori egunero
landun ta langabetu
ipar eta hego
etxedun ta etxegabe
hamaika endredo
zaudenean bero
ongizatez edo
dena bertan bego
gerokoak gero
zail da berreskuratzen
galdu ezkero.
Bakarka, berriz, honako hiru bertsoak josi ditu, puri-purian egon den pandemiaren gaiaren aurrean gizarteak hartutako jarrera erdigunean jarrita. Hona hemen, osorik:
Eztago planik ezta B planik
dagon plan bakarra A da
gure buruak ezagutzeko
garaia genuke jada
gure ustetan ondo bizi ohi
ai COVIDak ze zartada
errezelotsu jarri genion
auzoari begirada
ta galdu dugu lehengo arnasa
eta balizko patxada
eta ez gara saretu eta
protestan irten plazara
hobeak irten behar genuen
ta lehengo berberak gara
Orain dena da pribatizatze
ezker-eskuin dinbi-danba
osasungintza adibide bat
nola jaitsi duten langa
hezkuntzak ere latza pasa du
ta ai gazteen demanda
bi urte luzez musuko hori
klaseetan eramanda
egin genuen elkar zaintza ta
auzo zaintzen propaganda
baina aukera heldu denean
edo ekiteko txanda
komuna izan zitekeen dena
komun zulotik joan da.
Ez nago ziur agintaritzan
dago jende arlotea
ez dakit zer den gauz hobea
Santxo ala Kixotea
ze amestea garai batzutan
ezta hain gauza torpea
mentalitate excel honekin
galdu baitugu zortea
eta aurrera begira dugu
apustu haundikotea
etorkizuna gure eskutan
dago bai, hala otea
beldurgarria da etorkizuna
gure esku egotea.
Sailkapena eta amaierako agurrak
- 2.240 Maialen Lujanbio
- 2.166 Amets Arzallus
- 1.507 Aitor Mendiluze
- 1.495 Sustrai Colina
- 1.493,5 Alaia Martin
- 1.443,5 Beñat Gaztelumendi
- 1.435,5 Nerea Ibarzabal
- 1.421,5 Joanes Illarregi
Epaileek hartutako erabakia adostasun osoz txalotu dute 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapelduna: 2.240 puntu bilduta Maialen Lujanbio hirugarrenez izan da txapeldun. Amets Arzallus sailkatu da bigarren, 2.166 puntu bilduta. Hirugarren, Mendiluze izan da 1.507rekin eta bere atzetik puntu gutxira geratu dira Sustrai Colina (1.495 punturekin) eta Alaia Martin (1.493,5 punturekin). Seigarren izan da Beñat Gaztelumendi, zazpigarren Nerea Ibartzabal eta zortzigarren Joanes Illarregi.
Agurretan, denek adierazi dute txapeldunarekiko miresmena eta euskarak, herrigintzak eta feminismoak ere tarte handia izan dute saioko azken aleetan. Esker oneko mezuak izan dira ia denak eta tartean, Mendiluzerena.
Zorionak mito pare
orain mitoago are
ta zuei gure zutabe
milesker, zorretan gaude.
Baina ez nuke joan nahi ama
zutaz gogoratu gabe
inoiz ez dugu euskaraz egin
etzera hizkuntzaren jabe
bertso-eskolara zure eskutik
iritsi nintzen halare
ta gaur ez zaude Arenan baina
oholtzan nerekin zaude.
Buruz burukoa jokatzetik bi puntu eskasera geratu da irurarra, baina, hala ere, gustura egoteko moduan da egindako saioarekin. Inoiz gutxitan bezain hunkituta agertu da Mendiluze bertsozaleen aurrean, azken agurra kantatzerako garaian. Sekulako txalo zaparrada jo diote bertsozaleek amaieran, egin duen saioaren ordain moduan, batetik, eta dioten maitasunaren adierazgarri, bestetik. Seigarren finalera sailkatu da aurten irurarra, eta goi-mailako bertsolaritza eta ahalegina eskaini ditu urte hauetan guztietan Euskal Herriko txoko guztietan.
Eguneko azken bertsoa, berriz, txapeldunak abestu duena izan da, Maialen Lujanbiok. Agurrean ere bere ikuspegi kritikoa bazterrera utzi gabe bertso zorrotz baten bidez helarazi die entzuleei. Hirugarren txapela buruan, ez dago zalantzarik bertsolaritzak izan duen buru ahaltsuenetako bat dela Lujanbio. Hona hemen bere azken agurra:
Herriak ta hizkuntzak
zuten norantzari
gai gehio lotu zaio
lehengo ardatzari
ta munduak hartu dun
itxura latzari
aurre egiteko, beraz,
laguna altza hadi!
bultza hainbat borroka
ederren martxari
kontrapisu eginez
eskuin balantzari
txapela bete indar
mingaina dantzari
borroka irabazteko
desesperantzari.
Honenbestez, amaitu da 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Irailaren 24an Getxon hasi eta abenduaren 18an, Iruñean, azken geldialdia egin ondoren, plaza txiki, otordu bueltako saio eta neurri humanoko aretoetara itzuliko da bertsolaritza bihartik aurrera.