Kronika

Onena, arratsaldean entzuteke

Argazkiak: Bertsozale elkartea

Hamabosna bertso puntuagarri abestu behar izan dituzte bertsolariek goizeko saioan eta denek utzi dute euren zigilua ariketa batean edo bestean. Hala ere, lehertzea falta izan zaio goizeko saioari.

Iruñeako termometroek eta kotxeen gaineko izotzak hotz zegoela iragarri arren, bertsozale mordoa jarri da ilaran 8:45 ingururako Nafarroa Arenaren kanpoaldean, antolakuntzak ateak noiz zabalduko zain. 09:00etan zabaldu dituzte ateak eta arrapaladan sartu dira denak ahalik eta lekurik onena hartzera. Berria da lekua, baina ez dirudi jendeari asko kosta zaionik berrira egokitzea. Ez leku berrira, ez final berrira.

Hamabosna bertso puntuagarri abestu behar izan dituzte bertsolariek goizeko saioan, eta denek utzi dute euren zigilua ariketa batean edo bestean. Hala ere, lehertzea falta izan zaio goizeko saioari. Arratsaldean izango omen da horretarako txanda. Mendiluzek goizeko saio bikaina osatu duen arren, arratsaldean erabakiko da zein bi bertsolarik abestuko duten buruz burukoan.

Zortziko handia:

Aitor Mendiluze eta Nerea Ibartzabalen zortziko handia izan da eguneko lehen saio puntuagarria. “Beti penetan” doinuan aritu dira bi ikerlariren ahotik. Ikerketa batean urte luzez aritu diren arren, diru-iturri faltagatik, Aitorrek ikerketarekin ez jarraitzea erabaki du.

Gizarteari kritika eginez hasi du bertsoaldia Mendiluzek:

gizartearen ardura hontatik behar genuke bereizi / ez duelako zaintzen ez duen ikerlaririk merezi. Nereak agintariei egin die kritika baina ikerlariek itxaropenari eutsiz lanean jarraitu behar luketela aipatu dio; baina honetan nik ikasi dut ta ezta ahaztu behar sekula / uste ez denean agertzen dela itxaropen molekula.

Mendiluzek, agintariei kritika eginaz jarraitu du: hori bai batzuk ta gutxi batzuk gaixotuz gero agian / kanpora joango dira presaka abiadura handian. Nereak, orduan, zientzialariek gizartearekiko duten arduran jarri du azpimarra eta honako bertso borobil honekin erantzun dio Aitorrek:


Gu bilaketan gabiltza baina

esklabutzatik gertuen

eta ikusi Osakidetzak

nola tratatzen gaituen

trena ezpada beste obra bat

horrek agintzen du hemen

gizarte batek jakin behar luke

lehentasuna nun duen.

Nereak gizartearen kudeaketa okerra agintariei leporatu die eta modu honetan itxi du bertsoaldia: eta zeozer lortu ezkero txispa bat argi izpian / guk eztiegu leku egingo azkenengo argazkian.

Arzallus eta Illarregi izan dira hurrengoak kantuan. Herriko ekimenen antolakuntzan urte luzez parte hartu duten berrogeita hamabost urteko bi pertsonaren azalean jarri ditu gaiak. Azken aldian, ordea, lekuz kanpo sentitzen direla eta, Arzallusek atzera pausu bat eman nahi du. Hasiera-hasieratik fin aritu da Arzallus, egungo erreferentziak eta bere kezkak tartekatuz. Honela amaitu du bigarren bertsoa: sarri diogu gaztea ez da erreleboaren kargu / baina hortarako zaharrak ere uzten asmatu behar du.

Illarregik pausu bat bazterrera eman eta gazteagoekin batera lanean jarraitzeko proposamena egin dio, orduan. Arzallusek, ordea, berean jarraitu du, asteburuko kultur agendari erreferentzia eginez: Gazte rebeldek hortxe daukate Hatortxu Rocken lekua / eta guretzat prestatu dute Hertzainaken kontzertua.

Maialen Lujanbiok eta Alaia Martinek egindakoa izan da, ordea, ariketa horretako ofizio borobilena. Honela zioen gaiak: Denda bat elkarrekin daukazue, itsasertzean. Klima aldaketaren ondorioak nabarmenak zuenean pairatzen ari zarete. Martinek denda lekuz aldatu nahi du, baina Lujanbiok bertan jarraitu nahi du.

Martinek arropa denda bat daukatela aipatu du lehen bertsoan eta lehen olatua heltzerako lekuz aldatzea komeni dela aldarrikatu du. Maialenek, orduan, egoerara egokitzea izan daitekeela gakoa erantzun dio, ironia puntu bat erabiliz: Alaia aldatzen joan gaitezke mantendu gabe eskemik / orain oihalak, gero txankletak, flotagailuak azkenik. Alaiak, ordea, arazoari heltzea ezinbestekoa dela erantzun dio arropa dendan egokitutako metafora bati tiraka: onar dezagun gure egoera; aparra dago arean / ez dezagula bufanda jarri geure begien parean.

Maialenek, ordea, klima aldaketarenaz gain, lokalen ordainketaren arazoa mahaigaineratu du: errez diozu “Donostiako portutik hobe da kendu”. / Alde Zaharrean orain lokal bat edozein erosten du. Alaia Martinek, orduan, bien arteko desadostasuna arazo bihurtzerik ez lukeela nahi aipatu dio. Maialenek, modu honetan eman dio amaiera zortziko handiko ofizio borobilenari: ekonomia zirkular hori  hau baldin bada, ba, kito / haseran juxtu, ondoren pobre ta azkenerako ito.

Zortziko txikia:

Zortziko txikiko ariketak ez du giroa lehertzea lortu. Aitor eta Ametsek egin duten ofizioa izan da ariketa horretako borobilena. Bi arotz izan dira eta Mendiluzek Arzallus bere hilkutxa egiten harrapatu du:

Mendiluzek ezin hobeto hasi du ofizioa, bertso borobil batekin:

Berrogei urte doi-doi

munduan emana

dauzkazunez kezka bat

heldu da nigana

bromatan hartu dezu

hartu dezun lana

edo zerbait dakizu

nik ez dakidana.

 

Honako amaierarekin erantzun dio Arzallusek: Nire neurrira egin dut dena elegante / baina zuretzat ere balio lezake. Mendiluzek, biak kutxa berean ez direla sartzen erantzun dio orduan: zirika izango zen hori azken finean / biak ezkera sartzen kutxa berdinean. Egur desberdinen inguruko aipamenak eginez aritu dira ondorengo bertsoetan eta Ametsek egoki itxi du ofizioa, bertsozaleentzat ezaguna izan den abesti bat gogora ekarriz:


Aitor, zuk zuhaitzetaz

eztakizu deusik

materiala haltza da

dena haltza kasik

ni hiltzen nautenean

sar nazazu pozik

eta kantatu haltzak

eztauka bihotzik.

 

Alaia eta Sustrai bi erraldoi dantzatzera animatu dira. Iruñean ezin hobeto kokatu dute ofizioa “Carabinagre”, “Toko-toko”… Jai-egun baten irudikapena. Alde zaharra zabaldu, patarra gosaldu… Enrique Maia zapaldu duela esanez amaitu du ofizioa Colinak.

Lujanbio eta Gaztelumendik, berriz, jatetxe batean aritu behar izan dute kantuan: Beñatek argazkiak ateratzen dizkie janariei jan aurretik eta Maialen deseroso dago horren aurrean. Elkarrizketa bikaina osatu dute.

 

Lehen puntua emanda, zortziko txikia:

Ariketa horretan ez dute bereziki asmatu bertsolariek. Aitor Mendiluze eta Sustrai Colinarenak izan dira bertsorik onenak. Mendiluzek lehen bi puntuei erantzun borobilak eman dizkie. Ikuspegi kritikoa eta erantzun distiratsuak partekatuz, lehen bi bertsoetan, batez ere. Musika taldeen itzulera izan du gaia, eta hona hemen, lehen bi puntu erantzunak:

Hertzainakek omen du

bere azken bira:

Aspaldian halaxe

esaten ari da

baino atzoko argazki

ederrei begira

igual berriro ere

agurtuko dira.

 

Aspaldiko taldeak

oholtzara bueltan

nunbait jendearekin

sentitu zorretan

eztakit nostalgia

ote den benetan

hala beste interes bat

baduten horretan.

 

Sustrai Colinak ere dotore erantzun ditu hiru puntuk, gaztetxeak gaitzat hartuta. Honako hauxe izan da publikoa piztu duen puntu-erantzuna:

Zein da gaztetxeekin

duzun harremana?

bertan koka liteke

nire iragana

ta esan orain tarteka

kantatzen dudana

han zahartzeko gogoa

da nik daukadana.

 

Sei puntuko motza:

Sei puntuko motza izan da goizeko ariketarik emankorrena. Bertsolari guztiek utzi dute euren zigilua ariketa horretan, egunerokotasunari lotutako gaien aurrean.

Mendiluze Illarregirekin aritu da. Senarragatik banatu nahian dabilen Aitor amak Joanes seme gaztearekin osatu du elkarrizketa. Hiru bertso borobil osatu ditu Mendiluzek, uneoro elkarrizketari jarraipena emanez. Puntuen joskintzan maisuki, goiz osoan zehar bezala.

Illarregi semeak zer behar duen galdetu dio amari, eta erantzun ezin hobeak eman dizkio bertsoz bertso Mendiluzek: ez nuke zertan ezer aldatu posible balitza / egoera da bortitza /sufritzen denok gabiltza / berririk ezin hasi ta zaharra ez baita bizitza. Illaregik, ea aholkua edo laguntza eskatzen dion galdetu dio Mendiluzeri eta erantzun ezin hobea eman dio, orduan, irurarrak:

Ez goxo ta ez maitasun

hitzik aspaldian entzun

eta badakit zuri ere nola

ailegatu zaizun

nahiz ta zalantzak dauzkazun

ez galderekin erantzun

gauza bakarra nahi det Joanes

ulertu nazazun.

 

Joanesek bere laguntza eta ulermena eskaini dizkio hurrengo bertsoan. Mendiluzek itxi du ofizioa, esanez, hartzen duen erabakia hartuta ere, ingurukoei ahalik eta min txikiena eragiten saiatuko dela.

Ibarzabal eta Arzallusek bi esne ekoizleren paperetik jardun dute seiko motzean. Doinu alaian, saio bikaina osatu dute, erreferentzia errealekin elkarrizketa errealista osatuz eta umore kolpeak tartekatuz. Ametsek azken bertsoan baserriari erreferentzia egin dio, Euskal Herria saretzen duten etxetzat irudikatuz.

Maialen Lujanbio eta Sustrai Colinarena izan da hala ere ofiziorik borobil eta osoena: Ospitale bateko bi zerbitzu bururen larruan jarri ditu gaiak. Agintari politikoekin dituzten desadostasunak medio, Sustraik grebara joatea proposatu dio Maialeni. Maialenek hasieratik argi utzi du jarrera, dimisioa agintariek eman behar luketela esanez: Murrizketak atertzeke / zure nahia nola bete? / Dimisioa eurek aurkeztu beharko lukete.

Sustraik, orduan, euren desadostasuna azaltzeko grebara jotzearen aldarria egin du: Erakutsi gaitzespena / ta hau dela antzezpena / hala ZIUra sartuko dute osasun sistema. Agintariei kritika egiten jarraitu du, orduan, Lujanbiok: Bide murritza, estua / Jaurlaritzak babestua. / Ez dakit batzuk ondasungintzan ez duten eskua…

Hala ere, azken bertsoan, gizarteari eragiteko asmoa aldarrikatu du Maialenek: Pankarta baten atzera / ospitalean jartzera. / Ta ea herria noiz irteten den gu defendatzera! Bide beretik jarraitu du, orduan, Colinak, eta honela itxi du publikoak gogoz txalotu duen bertsoaldia: Kapitalismo salbaian, / jarri gaituzte sal-mahaian. / Nahiz eta txalo jotzen ziguten pandemia garaian!


Ganbara

“Irribarre konplizea egin dizu” izan da ganbarako ariketa osatzeko gaia. Bertsolari adina istorio entzun ahal izan dira, baina irribarrearen erreferentziak ez du denetan izan esperotako indarra.

Mendiluze irakaskuntzan hamabost urte daramatzan irakaslearen paperetik jardun da. Lau puntu motz dituen doinua hartu du eta ezin hobeto josi ditu hiru bertsoetako hamabi puntu motzak. Irudi harrigarririk sortu gabe, baina, ikasle nahiz irakasle noiznahi izan denak, ezin hobeto ulertzeko egoera irudikatu du Mendiluzek. Ikasgelan, bertsolaritzako saioan, bertsorik onenak pentsatu arren ahozkora sekula abesten ez dituen neskato batekin izan du ardatz. Ikasgelan gertatzen denaren deskripzio bidez publikoa ederki eraman du berak nahi izan duen lekura, baina sorpresa izpi bat falta izan zaio ariketa horretan, aurreikusitako amaiera izan baitu bertsoaldiak.  

Nerea Ibarzabalen ganbarakoak aipamen berezia merezi du: tratu txarrak jasan ostean, bikoteagandik banatu eta alabaren zaintza harekin partekatzen duen amaren azaletik kantatu du. Hona hemen hiru bertsoak, osorik:

Kolpe asko eman dizkit

patuak nire bizitzan,

urteak igaro ditut

gizon txar baten gerizan

Ta ez dakit epaitegiak

nik ondo zertan dabiltzan

haurran zaintza erdibana

nonbait hala komeni zan.

Astez asteko txandetan

begira nola gabiltzan

haurra uzten dudanero

ni beldurraren sasitzan

ta utzidazue pentsatzen

normalena dudan gisan

kide ona izan ez denak

ezin aita ona izan.

 

Nahiz ta ez dizkigun eman

bultzada edo ostiko

pertsonak asma lezake

beste norbait nola ito.

Ta nire irrifarrea

ezabatu zen betiko

baina alabarenari

eutsi nahi nioke tinko.

Kotxean noa, berekin,

bera bi masail gorriko

agur esan dio aitari

ta nik barre neurekiko

itxaron beharko gaituzu

denbora luzez txikito

ze gu hurrengo astean

ez gara hona itzuliko!

 

Diskrezioz mantendu dut

tokatzen zaidan itxura

susmorik ez dudalako

holakotan piztu gura

ez diot nire alabak

niri ez didanik ardura

baizik sortu nahi dudala

bizitza perfektu hura

bidea dugu aurrean

milaka, miloika uda.

Alaba libre izateko

gure ordua heldu da.

Irribarre bat egin dit

ta biok goaz gustura.

Alboan bere poza ta

parean gure ortzimuga.

 

Amets Arzallusek etorkin baten azaletik abestu ditu hiru bertsoak baina bigarren bertsoan egin duen potoak zigorra jasoko du epaian eta horrek buruz buruko lehian aritzea eragotzi liezaioke.

 

Illarregi eta Martinek, berriz, euren lehen sexu harremanari kantatu diote: neska banarekin oheratu dira biak, baina Martinen bertsoaldiak harridura eragin du bertsozale askorengan. Bere lehen sexu harreman homosexuala irudikatu baitu.

 

Maialen Lujanbiok homosexual baten papera hartu du eta edukiz betetako hiru bertso abestu arren, diztira falta izan zaio bere bertsoaldiari. Sustrai Colinari ere antzeko zerbait pasa zaio, zaintzaile lanetan ari den etorkin baten azalean irudikatu du bere burua, baina gaiak emandako abiapuntutik urrundu izanak zalantzati utzi du publikoa.

Beñat Gaztelumendik, berriz, futbolean batere ona ez den haur baten papera hartu du eta hiru bertso bikain osatuta eman dio amaiera goizeko saioari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!