Has dadila finala

Tolosaldeko bost bertsolarik parte hartu dute 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian; finalean Mendiluze ariko da eta Jon Zaldua Brit billabonatarra ariko da gai-jartzaile.

Bertsolaritzaren ibilbidean marka bat jarriko duen finala izango omen da Iruñekoa, taldearen konposaketagatik. Ez da edonork esana, egungo Euskal Herriko bertsolari txapeldunak baizik, Maialen Lujanbiok. Finalerako bideak ere eman du zeresana, ordea, eta finala ez ezik, txapelketa bera ere izango da mugarri bertsolaritzaren historian. Irailaren 24an Getxon hasi zen eta abenduaren 18an Iruñean amaituko da, tartean Euskal Herriko hamalau herritan ostatu hartu ostean. Azken hamarkadan plazaz plazako bertsogintzan izan diren aldaketak azaleratzeko balio izan du aurtengoak.

Tolosaldeko bost bertsolarik parte hartu dute 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusian: Aitor Mendiluze, Beñat Iguaran, Haritz Mujika, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabalek. Horietatik batek lortu du finalerako txartela: Aitor Mendiluzek. Bere seigarren finala izango du aurtengoa Iruran bizi den bertsolariak. 2017ko finalean, bigarren sailkatu zen, Maialen Lujanbiorekin buruz burukoa jokatu ostean.

Durangoko finalaurrekoa irabaziz ekin zion txapelketari Mendiluzek, betiko moduan; bertsotan zorrotz eta zehatz bezain seguru eginez. Bilboko finalaurrekoan, berriz, bigarren sailkatu zen, Amets Arzallus irabazlearengandik puntu bakarrera. Hala, bigarren sailkatu da finalera, Alaia Martinen atzetik.

Bertso maila aparta

Mendiluzerena ez da bertsozaleen artean geroz eta jarraitzaile gehiago dituen bertsokera irudimentsu eta iradokitzailea, baina ez dago bere bertso-maila aitortzen ez duen entzulerik. Ofiziotako ariketatan erraztasun harrigarriz aritu da orain arte: bertsokideen argudioei ertza topatu eta are arrazoi hobeekin erantzunez, askotan. Ganbarako ariketa borobil bat egitea falta izan zaio finalaurrekoetan, baina finalean hori egitea lortuko balu, ez litzateke harritzekoa izango bigarren aldiz buruz burukora sailkatzea Tolosaldeko bertsolaria.

Oihana Iguaranek ere zeresan handia eman du aurtengo txapelketan. Azken urteetan plazaz plazako jardunean erakusten ari den bertso maila onak eta erregulartasunak finalerako hautagai bihurtu dute, ezinbestean. Final laurdenetan Gotaine-Iribarnen emandako erakustaldiak 737,5 puntu bilduta, bigarren sailkatu zen Nerea Ibarzabalen atzetik?, gainera, bere hautagaitza indartu zuen eta bertsozaleen ahotan behin eta berriz entzun da bere izena, zer esanik ez Tolosaldean.

Finalaurrekoetan, ordea, bi saio labainkorrenetan kanta zezan nahi izan du zoriak: Donibane Garazin, lehen itzulian, eta Amurrion, bigarrenean. Ez du aski izan saio horietan irabazle eta hirugarren izatea, hurrenez hurren, eta hamargarren postuarekin konformatu beharko du amasarrak, aurtengoz.

Emakume bertsolarien ordezkaritza, ordea, bermatuta egongo da aurtengo finalean eta ez nolanahi, gainera. Lehen aldiz, hiru emakume bertsolari sailkatu dira finalera: Alaia Martin, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal. Kristalezko sabaiaren kontra behin eta berriz kolpatu ostean, lortu dute hura birrintzea eta 2022ko Txapelketa Nagusia mugarri izango da bertsolaritzaren historian.

1986ko Bertsolari Txapelketa Nagusira arte, gizonezko bertsolariek soilik parte hartu zuten txapelketan ?plazaz plazako jardunean, zer esanik ez. Urte horretan, Kristina Mardaras iurretarra izan zen emakume bertsolarien ordezkari. Finalerako txartela lortu zuen lehen emakume bertsolaria ?eta orain arte azkena?, berriz, Maialen Lujanbio izan zen, 1997an.

Emakume bertsolariak

Aurtengo edizioan, hamabost izan dira parte hartu duten emakume bertsolariak. Bakoitzak bere proposamen artistiko nahiz ideologikoa plazaratuz, ekarpen handia egin diete txapelketari. Aurtengo txapelketan ez da egon saiorik gutxienez emakume batek abestu ez duenik. Jauzi kuantitatiboari kualitatiboaren aitortza ere zor zaio, gainera, orain arteko hamahiru saiotatik zazpi haiek irabazi baitituzte.

Lehen aldiz, Iruñean izango da Txapelketa Nagusiko finala; Nafarroa Arenan. Bertsolaritzarentzat erronka esanguratsua izateaz gain, bertsolari beterano askorentzat txapelketan parte hartzeko amu ezin hobea izan da hori. 2005az geroztiko lau finalak Barakaldoko BECen izan dira eta hiru bertsolarik jantzi dute txapela bertan: Andoni Egañak 2005ean, Maialen Lujanbiok 2009 eta 2017an eta Amets Arzallusek 2013an. Historikoki, Donostia izan da final gehien hartu dituen hiriburua: hamahiru denera. 1935ean, Poxpolin antzokian izan zen finala. 1936 eta 1960koak, berriz, Victoria Eugenian izan ziren. 1962, 1965, 1967koak, Anoeta pilotalekuan. 1980 eta 1982an, Karmelo Balda frontoian abestu zuten finalistek eta Anoetako belodromoan 1986, 1989, 1993, 1997 eta 2001ean.

Aro berriko Txapelketa Nagusien finalean kantatuko duen lehen bertsolari nafarra Joanes Illarregi izango da. 1967an Migel Arozamenak finalean kantatuz geroztik, ez zen beste bertsolari nafarrik finalera sailkatu. 23 urte besterik ez dituen leitzarrak sekulako balentria lortu du eta bertsolari gazteen belaunaldiaren ordezkari izango da Iruñean, Nerea Ibarzabalekin batera. Finalaurrekoetako lehen itzulian Elizondon lortutako puntu sortak ?711 lortu zituen? esku-eskura jarri zion finaleko txartela eta ozta-ozta bada ere, lortu du bigarren itzulian aurrez egindako lanari etekina ateratzea. Finalera «orain arte egindakoa borobiltzera» doala azaldu die hedabideei.

Bertsozaleak hasi dira dagoeneko abenduaren 18ko finalerako porra egiten. Maialen Lujanbiori txapela kentzea ez omen da lan erraza izango, baina hark ere irrikaz eta gosez iritsi beharko omen du finalera, irabaztekotan. Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze buruz burukorako hautagai sendotzat ditu katedrak; seigarren finala izango dute biek eta ederki dakite zer den egun osoko saioari aurre egitea. Baita Amets Arzallusek ere; aurtengo txapelketan bere mailarik onenean aritu ez bada ere, bertsozale guztiek dute bere gaitasunaren berri eta inori ez zaio ahaztu 2013an txapeldun izan zela.

Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi eta Nerea Ibarzabal, berriz, faboritoen zamarik gabe iritsiko dira Iruñeara baina burua arin eta argi badute, entzule askoren gustukoen izateko ilusioz. Has dadila finala!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!