Baina baten bukaerak bestearen hasiera dakar. Finalerdien bigarren itzulia hasi den honetan, hasi dira matematikak inoiz baino garrantzia handiagoa hartzen. Gehiketa sinple batez argitzen ari dira Nafarroa Arenako zortzikotea osatuko duten hautagaiak. Hori, bertsolarientzat presio gehigarria da, edo lasaitasun bidea. Lehenengo saioan garbi ikusi genituen bi postura horiek, nor heldu zen abenduak 18ra begira eta nor bere buruarekin zorrak kitatzera edo negar egitera.
Amurrion ere hotz hasi zen saioa. Formatu berriak (hamarreko txikia, zortziko handia eta zortziko txikia jarraian jartzeak) ez zuen bereziki lagundu. Dena borobil atera zitzaion Alaia Martini, saioko irabazleari; egokitu zitzaizkion gaiak, bertsokideak, eta bereziki, sekulako maila erakutsi izana. Bazirudien finalera begira baino gehiago, finaletik begira ari zela. Aitorrek ez zion bizkarra eman saio txukun bat egiteari, eta bigarren postua lortu zuen, saio guztian zehar erakutsi zuen konstantziari esker, hain zuzen ere. Finaleko langa oso urruti edukiko ez duela dirudi, ikusiko dugu gainetik edo azpitik den.
Langa horren azpitik (sorpresa handirik ez bada) geldituko da Harituzeko hautagaia, Oihana Iguaran. Hasieratik lan dezente egitea tokatu bazitzaion ere, txukun egin zuen egin beharrekoa, gorabeherak gorabehera. Baina puntu erantzunetan iritsi zen tragedia. Dena hitzarekin poto egin zuen Oihanak, bat baino gehiago ikusi nuen eskuak burura eramaten. Hala ere, horrek ez zuen oztopatu amasarraren bakarkako lana, bere doinu bereizgarri horrekin egindako miraria. Onitza Enbeita, umoretsu esnatu zen eta aurre hartu zien Miren Artetxeri eta Agin Labururi (ez dut uste bi hauek haien mailarik hoberena eman izanaren sentsazioarekin joan zirenik etxera). Aipatzekoak dira, orokorrean, bertsolari guztien bakarkako lanak.
Hasi da txapelketaren azken txanpa, dena erabakiko duen fasea; hasi da txapelketaren bukaera. Azken geltokira iristear da bertsoaren trena, biderako puntuen dantza eta emozioa dago aurreikusita, gozatu dezagun bidaiaz!