Harituzeko bertso-eskolen asteburu-pasa arrakastatsua

“Esker on mezu ugari jaso ditugu bai ikasleen baita gurasoen partetik ere eta horrek lanean jarraitzeko indarra ematen digu”

Bi urteko etenaren ondoren, Harituzeko arduradun nahiz bertso-eskoletako ikasleek gorriz markatuta zeukaten maiatzaren 20tik 22rako asteburua. Berrogei bertsozale nahiz bertsolari gaztetxok parte hartu dute asteburuan zehar antolatutako jardueratan eta egonaldiaren helburuak ezin hobeto bete direla azaldu dute antolatzaileek: ikasleek bertsoaren eta euskararen inguruan gozatu dute eta elkarrekin harreman sare zabala eraiki ere bai.

Ostiralean, 17:30ean, eskualdeko bertso-eskoletako ikasleek bete zuten Asteasuko plaza. Handik abiatu eta bidean jolasak eginez, Otardi landa aterpetxera iritsi ziren arratsean eta bertan, ikasturte amaierako bertso-saioa egin zuten. Ikasle guztiek parte hartu zuten bat-bateko lehiaketan, izan kantatuz, izan publikotik taldekideei lagunduz eta antolatzaileek balioan jarri nahi izan dute hori. Saioa amaitu ostean, elkarrekin afaldu eta jolasean aritu ziren ikasleak.

Larunbatean, Julio Soto eta Nerea Ibartzabal bertsolariak joan zitzaizkien gaztetxoei bisitan. Asteasuko Azkonobieta baserrian bertso-bazkariaz gozatu ahal izan zuten eta bertsolariekin batera kantuan ere aritu ziren gaztetxo gehienak, bazkalosteko tarte batean. Bi bertsolariak “harrituta” geratu zirena aitortu zuten, bertsolari gaztetxoen etorriarekin eta ausardiarekin.

Gauerako, berriz, bertsolaritzaren gymcana moduko bat prestu zuten arduradunek eta hura egin ostean, afaldu eta euskal abestien kantaldiarekin eman zioten amaiera egunari. Igandean, berriz, jaiki, gosaldu, asteburuko azken jolasak egin eta amaiera eman zioten Otardiko egonaldiari.

Egonaldiaren balorazioa oso ona ari da izaten, bai antolatzaileen aldetik, baita gaztetxo zein gurasoen partetik ere: “Esker on mezu ugari jaso ditugu bai ikasleen baita gurasoen partetik ere eta horrek lanean jarraitzeko indarra ematen digu”. Bide batez, Harituz Bertsozale Taldeak asteburu pasan zehar lagundu dieten Otardiko arduradunei nahiz Azkonobietako lagunei esker ona adierazi nahi izan die: “Beraiek bezalako jendeak sekulako erraztasunak ematen ditu edozein gauza antolatzerako garaian eta horrek bertsozale zein bertso-eskolen sarea indartu zein dinamizatzen du. Eskertzea besterik ez zaigu geratzen.”

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!